Josetxo Arizkuren preso iruindarraren sakabanaketa kasua, lehena Estrasburgora iristen

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 10a, 08:20
Josetxo Arizkuren 'Kantauri'. Arg:eitb,eus

Sakabanaketaren aurkako eta familia bizitzarako eskubidea ziurtatzeko eskaerekin jo dute Europako Giza Eskubideen Auzitegira. 

Joan den abenduaren 23an eraman zuten Europako Giza Eskubideen Auzitegira Josetxo Arizkuren 'Kantauri' Iruñeko presoaren kasua haren abokatuek (tartean, Amaia Izko). Familia bizitzarako eskubidea izan da aurkeztutako argudio nagusia. Nabarmendu dute presoak beren ingurunetik urrun izateak familia bizitzarako eskubidea urratzen duela. Besteak beste, zailtasunak dakartzalako bisitetarako eta gainerako harreman bideetarako. 

Arizkuren 1999an atxilotu zuten, Parisen, eta preso eduki dute geroztik. 2006an, Frantziak ezarritako zigorra bete, eta Espainiaratu egin zuten. Auzitegi Nazionalak hainbatetan epaitu eta zigortu du ETAko kide gisa. Kardiopatia iskemiko larria du, eta horregatik zegoen Euskal Herriratze eskaerak egiteko lehen multzoan, 70 urtetik gorako presoekin batera. Iazko ekainean, Galiziako A Lamako kartzelatik Murtziakora aldatu zuten. Familiak kezka zuen osasun arreta egokirik emanen ez ziotelako. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!