Amaia Izko: "Zuzenbidea eta justizia kontuan hartuta, Altsasuko gazteak askatuko lituzteke"

Euskalerria Irratia 2016ko abe. 20a, 12:41

Gaur, epaileak deklarazioa hartuko die auzipetuei, eta prozesamendu autoaz galdetuko die.

Aurreikusi zitekeenaren arabera joan zen atzoko saioa.Azaroaren 22an Altsasuko bederatzi gazte auzipetzeko autoa atera zuen epaileak, eta zazpi badaezpadako espetxealdian edukitzeko agindu zuen. Erabaki horren aurkako helegitea jarri zuten defentsa abokatuek, eta horren gaineko auzi saioa izan zen atzo Auzitegi Nazionaleko 4. Zigor aretoan. Bai fiskalak, bai Estatuko Abokatuak eskatu zuten gazteak preso edukitzeko. Jose Perals fiskalaren arabera, gazteei terrorismo, gorroto eta atentatu delituak egozten dizkiet. Defentsak ordea dio, alegazio bidez, "gazteen kontra dauden zantzuak ahulak" direla, "terrorismo delituaren" aurrean ez daudela eta ez dagoela inongo arriskurik gazteek alde egiteko. "Oso agerian geratu da, ez dagoela arrazoirik gazteak espetxean mantentzeko", esan du Amaia Izko gazte batzuen abokatuak.

Auzitegiak datozen egunetan ebatziko du gazteak espetxean segitu edo ez. "Zuzenbidea eta justizia kontuan hartuta, askatu beharko lituzkete", ohartarazi du. Baina auziak hartu duen oihartzuna ikusita edozein gauza gerta litekeela ere uste du.

Bideo konferentziaz deklarazioa eginen dute gaur "tramite hutsa izanen da". "Galdera pare bat eginen dizkiete. Ez da eraginkorra izanen", uste du defentsa abokatuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!