Altsasuko zortzi pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak

Euskalerria Irratia 2016ko aza. 14a, 14:03

> Ausiki izendatu du Guardia Zibilak operazioa.
> Bi guardia zibilen aurkako erasoarekin lotu dituzte. "Terrorismoa" egozten zaie, besteak beste.
> Bozeramaleen batzordea deitu du Altsasuko udalak arratsalderako.

Polizia Operazioa gaur Altsasun, oraindik zabalik dagoena. Gutxienez zortzi pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak,  eta beste baten bila ere joan dira. Altsasuko auziarekin lotuta atzeman dituzte, alegia, Koxka tabernan joan den hilean izan ziren liskarrekin zerikusia dutelakoan.

Ausiki izendatu du Guardia Zibilak operazioa. Atzemandako asko ikasleak dira, eta eskolara bidean atxilotu dituzte. Bi guardia zibilen aurkako erasoarekin lotu dituzte eta terrorismoa egotzi diete. Iruñean, Ordizian, Gasteizen eta Agurainen ere egin dituzte atxiloketak. Segurtasun indarren presentzia handia izan da goizean Altsasun eta baita Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Uneotan Madrilera bidean dira atxilotuak. 19:30ean deklaratu beharko dute epailearen aurrean.

Gaueko liskar izatetik, terrorismoa egoztera 

Urriaren 15eko goizaldean, Altsasuko Koxka tabernan zeuden bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egitea leporatzen diete. Guardia Zibilak ordutik bere bertsioa aldatu du. Hasiera batean zabaldu zuen 50 lagunek jo zituztela bi guardia zibilak eta euren bikotekideak. Aurrerago, Iruñeko epaileari igorritako txostenean zioen ez zela izan eraso planifikatua eta ez zutela 50 lagunek parte hartu.

Orain, berriz, iturri juridikoen arabera, terrorismo erasoarekin lotu nahi du berriro. Txostenean, hamabi lagunen izenak leudeke; horietatik bederatzi dira oraingoz gaur atxilotutakoak.

Erreakzioak iritsi dira berehala

Nafarroako Barne kontseilariaren iritziz, atxiloketak ez ziren beharrezkoak, eta "are gutxiago goizaldean egitea". Maria Jose Beaumontek azaldu du Altsasuko auziarekin lotura zutelakoan identifikatutako pertsonetatik bik dagoeneko deklaratu zutela epailearen aurrean, eta gainontzekoek ere berdin egiteko borondatea agertua zutela. "Informazio hori guztia bazuten Auzitegi Nazionalean", zehaztu du.

Legebiltzarrean, salatu egin dituzte atxiloketak batzuk, besteek ordea, beharrezkotzat jo dituzte. Lekuz kanpo jo dute Gobernua babesten duten alderdiek. EH Bilduk salatu du polizia operazioa "aberrazio politiko eta juridikoa" dela eta gogorarazi du atxilotutako gehienak beren kabuz joan zirela deklaratzera. UPN, PSN eta PPk errespetua azaldu dute epailearen erabakiarekin.

Ohar baten bidez, Ernaik elkartasuna helarazi die atxilotuei eta operazioa salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu gazteak. "Alde hemendik! leloak gaur berebiziko indarra hartu du. Badakigu bidaliko ditugun eguna geroz eta hurbilago dagoela", nabarmendu du mugimenduak.

Oso bestelakoa izan da Espainiako Barne ministroaren mezua. "Indarkeria ez da zigorgabe geratzen. Gure askatasuna defendatzen dutenen aurka egiten dutenek ordaindu egingo dute", idatzi du bere Twitterreko kontuan Juan Ignacio Zoidok.

Bozeramaleen batzordea deitu du Altsasuko udalak arratsalderako. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!