Ikasle mobilizazioak gaur Iruñean eta Lizarran

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 16a, 08:18

12:00etan manifestazioak eginen dituzte Iruñean eta Lizarran. LOMCEk ekarriko duena salatzeko eta Lanbide Heziketan ematen den prekarietatea salatzeko protestak dira.

"Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak ez du oraindik euskaraz ikasteko eskubidea ziurtatu", salatu du Ikasle Abertzaleak taldeak. Lanbide Heziketetarako euskara gehiago zabaltzea edota Lehen Hezkuntzarako euskarazko matrikulazioa ez sustatzea ere kritikatu du ikasle talde horrek. Gaur egun oraindik ez da bermatzen Nafarroako Unibertsitatean euskaraz ikasteko aukera: "UPNk sortutako eta ikasle mugimenduak sendoki gaitzetsitako ‘Ikasleen Eskubide eta Betebeharren Dekretua’ zein Euskal Herriaren aitortza egiten duten liburuen zerrenda beltza ukitu ere ez dituela eginen adierazi du Hezkuntza sailak". "Ikasleok batu behar gara ikasleokiko eta gure herriarekiko ukazio zein jazarpenari amaiera eman eta zapalduon askapenerako behar dugun hezkuntza eredua eraikitzeko".

Lanbide Heziketan, prekarietatea

Lanbide Heziketan prekarietatea gero eta sakonagoa dela gogoratu du IAk. "Gure praktikak lanpostuak betetzeko erabiltzen dituzte enpresa askotan, ez formazio integral bat eskaintzeko”. Ez hori bakarrik, langile batek egiten duen lan bera egiten dute  eta trukean ez dute deus ere jasotzen. Lanbide heziketa gehienetan gaztelaniaz ikastera derrigortuak daudela ere ohartarazi dute.

Unibertsitatean, globalizazioa

Elkarren arteko lehian murgilduta, unibertsitatearen eta merkatuaren arteko loturak indartzera, ingelesa sakonki txertatzera, unibertsitateak nazioartekotzera eta ikerketan nano-teknologia, bio-teknologia, energia iturriak, IKT-ak… bezalako arloetara erabat inklinatzera eramaten dituzte Euskal Herriko unibertsitateak. Modu “lasaiean” baina “sendo”, nazioarteko merkatu globalizatuaren beharrei gero eta gehiago erantzuteak euskara mapatik kentzea eragiten du IAren arabera.

Hezkuntza eredu berri baten alde

Hezkuntza ereduari dagokionez, Ikasle Abertzaletik proposatzen dute merkatuari begirako edo gizarte honen arazo errealekin loturarik ez duten edukien ordez herri jakintzak, herriaren arazoak eta beharrak unibertsitatera eta ikastetxeetara ekartzea.

Gaur, Euskal Herriak Hezkuntza Sistema Propio bat behar duela aldarrikatzeko mobilizazio ugari eginen dira Nafarroan, bereziki Iruñerrian eta Lizarraldean. Iruñerriko hainbat ikastetxetik ikasle zutabeak abiatuko dira Antoniutti parkeraino. 12:00etan, manifestazioa eginen dute.

Lizarran, eguerdiko 12etan dute hitzordua ikasleek. Ikastetxetik abiatuko da manifestazioa.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!