Hezkuntzako gehiengo sindikalak mobilizazioak deitu ditu gaurtik hasita

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 8a, 12:00
Nafarroako Jauregiaren parean egin dute elkarretaratzea. Arg:ahotsa.info

12:00etan elkarretaratzea egin dute LAB, STEE-EILAS eta ELAk Nafarroako Jauregiaren parean. Bihar eta etzi ere ordu horretan bilduko dira leku berean.

LEP Iruzurrari ez, aldaketari bai lema eramanen dute elkarretaratzeek. LAB, STEE-EILAS eta ELAk dute gehiengo sindikala hezkuntzan eta Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen Lan Eskaintza Publikoaren nondik norakoekin ez datoz bat. Elkarretaratzeak eginen dituzte protesta modura. Nafarroako Jauregian bilduko dira 12:00etan gaur, bihar eta etzi. Mobilizatzeko deia egin dute sindikatu horiek.

Mahai gainean zeuden aukeren artean "okerrena" hartu du Nafarroako Gobernuak, ELAk salatu duenez: "euskarazko plazak murriztea eta diskriminazio linguistikoa bermatzea [zerrenda bikoitza]".

Espainiak jarritako helegitearen aurrean, exekutiboak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako plazak gutxitu ditu, "pertsonal behar handiena dutenak badira ere". ELAk kritikatu duenez, Espainiako helegiteak derrigortu egiten du Nafarroako Gobernua 100 lanpostu kentzera, baina ez du zehazten zein hizkuntzetan izan behar duten.

Horregatik, "derrigorrezkoak baino 20 plaza gehiago" kendu ditu exekutiboak, sindikatuaren irudiko, "gainera, denak euskarazkoak". "Hemen ez da irizpide teknikorik egon, baizik eta politikoak: erregimena sostengatu zuten alderdi eta sindikatuak dira erabakia ospatzen ari direnak".

"Tamalgarria" da LEP

Gogor hitz egin du LABek. "Tamalgarria" izan da Lan Eskaintza Publikoaren kudeaketa, dioenez, eta "gehiegi" luzatu da. Era berean, "arduragabetzat" jo du Gobernuaren ekina, eta, bide horretatik, Ahal Duguk eta Ezkerrak hartutako jarrerak paratu ditu ezbaian: "Penagarria izan da, klientelismo lotsagarrian erorita".

"Napartheid-ak aurrera jarraitzen du". Aho bizarrik gabe esan du LABek. Zerrenda bakarra ez egotearen karietara egin du hausnarra. "Hezkuntza Sailak UPNren lekukoa hartu du, euskaldunen hizkuntza eskubideak urratuz".

Behin behinekoa bada

"Zirriborro bat" da gobernuak aurkeztutakoa, Steilasen ustez, eta horregatik, "irekia" dela adierazi du. Gaur bilduko dira gobernuarekin, eta argi utzi dute: negoziazioa egon ezean, kalera aterako dira sindikatuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!