Vascuencearen legeak ezartzen duenaren arabera eremu ez-euskaldunean daude Noain, Beriain, Etxague, Arrizabalaga, Imarkoain eta Tiebas. Herri horietako 65 haurren gurasoak elkartu egin dira euren egoera salatzeko: “Eremu euskaldunean bizi diren gurasoek baino hiru aldiz gehiago ordaintzen dugu haurrek D ereduan ikas dezaten”, hala azaldu du Roldan Jimenok, hiru haurren aitak. Sinadurak bildu eta Nafarroako Gobernuan erregistratu dituzte egoerari irtenbidea eman diezaiotela eskatuz: “Iruñera joan behar dute gure seme-alabek euskarazko ereduan ikasteko eta garraio zerbitzua zein jantokia ordaintzeko dagokigun diru-laguntza emateko eskatuko dugu ”, azaldu du.
Gurasoek antolatu eta pagatzen dute autobus zerbitzua. Ikasturteko 24.000 euro ordaintzen dute zerbitzu horren trukean. Jantokirako ere ez dute diru-laguntzarik jasotzen eta haur bakoitzeko 100dik gora euro jartzen dituzte. Eremu euskaldunean edo mistoan bizi diren gurasoen hirukoitza ordaintzen dute euren seme-alabek D ereduan ikas dezaten: “Hirukoitza ordaintzen dugu Vascuencearen legeak ezartzen duen eremu ez-euskaldunean bizi garelako”.
Urte askotako eskaera
Duela hamabi urte hasi ziren borrokan. Vascuencearen legea moldatzea lortu zuten garai hartan eta iaz ere aldatzea lortu zen. Eskubide guztiak dena den ez zaizkiela aitortu eta ziurtatu salatu dute. Gaur, 65 haur horien gurasoek jaso dituzten sinadurekin eskaera erregistratu dute Nafarroako Gobernuan: lagundu diezaietela garraioa eta jantokia ordaintzen.