Gobernu berriari erakundeen ikuskaritza eta kontrola egitea eskatu dizkio Kontuz-ek

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 4a, 13:05

Erronka handia dute aurretik eta ardura eskatu diete aldaketa bideratuko dutenei. UPNk eta PSNk egindakotik aldendu eta kudeatzeko beste modu bat badela erakusteko unea dela nabarmendu du, "aukera historikoa".

"Aldaketarekin ez dator inolako kaosik, kaosetik aldentzera goaz", hitz horiek erabili ditu Kontuz elkarteko Patxi Zamorak Nafarroaren etorkizuna irudikatzeko. Erantzukizuna eskatu diete aldaketa bideratuko dutenei: Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal dugu eta Izquierda-Ezkerra aipatu ditu Zamorak. Erronka handia dute aurretik eta ardura eskatu diete. "UPNk eta PSNk egindakotik aldendu eta kudeatzeko beste modu bat badela erakusteko unea da", nabarmendu du, eta gaineratu du, "aukera historikoaren aurrean gaude".

Herritarrak zoriondu ditu Kontuz elkarteak: "Heldutasuna erakutsi dute hauteskundeetan". Era berean, Kontuz elkarteak berak egindako "ekarpena" ere baliagarria izan dela diote, "argitara atera baititugu zenbait ustelkeria kasu".

Erregimenaren gainbehera iritsiko da aldaketarekin Zamoraren ustez, "ustelkeriari aurre egin eta gardentasuna gailenduko den garaia heldu da". UPN eta PSNren jardun politikoa alde batean utzi eta etorkizuna "orban" horretatik urrun eraikitzeko garaia dela uste du elkarteak. Horregatik Kontuz-ek eskaerak eta eskaintzak egin ditu. Eskaeren artean hiru: alde batetik, ikuskaritza bat egitea Nafarroako erakundeen egoera zein den jakin eta neurriak hartzeko; bestetik, Nafarroako Kutxari buruzko ikerketa berrabiaraztea Nafarroako Parlamentuan eta azkenik, organu independente bereziak sortzea edo daudenak indartzea ikuskaritza lanak egiteko. Eskaintza bat ere egin dio Kontuzek sortuko den Gobernu berriari: elkarlanean aritzeko prest daudela eta orain arte bezala lan egiteko. 

Herritarrei hutsik egin ez diezaieten eskatu diete eta horretarako lan politikoa erabat iraultzeko beharra dagoela. Era berean, Geroa Baiko Uxue Barkosek atzo iragarri zuen proposamena, gizarte eragile eta sindikalekin biltzekoa, aurrera pauso ona dela uste du elkarteak.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!