PSNrekin akordioetara iristeko aukera dagoela diote Geroa Baik eta Izquierda-Ezkerrak

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 27a, 13:14
Geroa Baiko kideak eta Izquierda-Ezkerrakoak batzartu dira gaur. Argazkia: geroabai.com

PSNrekin bilduko da hain zuzen Geroa Bai ostiralean, baita alderdi popularrarekin ere. Heldu den astean Ahal Dugurekin, EH Bildurekin eta zehazteke dago UPNrekin batzartuko ote den.

Ordubete iraun du bilerak. Geroa Baik Nafarroan ordezkaritza lortu duten alderdiekin bilera erronda egiten hasi da. Izquierda-Ezkerrarekin egin du lehen batzarra gaur. Nafarroako Gobernua nola osatu daitekeen aztertuko du Uxue Barkos zerrendaburuaren koalizioak. Gaurko bileraren ostean nabarmendu dute bi koalizioek “aldaketa beharrezkoa dela” eta aldaketa horretan PSNren eserlekuak ere kontuan hartuko dituztela: “Programa ardatz izanen den akordioetarako PSNren babesa izatea espero dugu”. Hala adierazi dute Geroa Baiko Barkosek eta Izquierda-Ezkerrako Jose Miguel Nuinek. Geroa Baiko presidentegaiak nabarmendu du: “Gobernu berriak arrakasta izateko denek hartu behar dute parte, denak inplikatu behar dira”.

Zehazteke dagoena da nola osatuko den Gobernua. Ez batak ez besteak ez dute argitu: “programari buruz aritu gara bileran, Gobernua nola osatu daitekeen aurrerago zehaztuko dugu”.

Bilera errondaren lehen hitzordua izan da gaurkoa. Ostiralean PSNrekin eta alderdi popularrarekin biltzeko asmoa adierazi du Barkosek. Ahal Dugurekin astelehenean batzartuko da, EH Bildurekin asteartean eta asteazkenean, oraindik konfirmatu gabe dagoen arren, UPNrekin biltzeko aukera jarri du mahai gainean Barkosek.

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!