Geroa Baik bilera erronda hasi du, Izquierda-Ezkerrarekin

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 27a, 08:28
Argazkia: Geroa Bai

11:00etan bildu dira bi koalizioak Nafarroako Parlamentuan. Gobernua nola osatu daitekeen erabakitzeko ezkerreko koalizioekin bilduko da Geroa Bai.

Ordezkari gutxien lortu duen ezkerreko indarretik hasi eta ordezkari gehien lortu duenarekin amaituko du Geroa Baik elkarrizketa sorta. “Hitzarmena programarekin bat egiten duenarekin eta Gobernuaren formula irekia onartuko duenarekin izanen da”, nabarmendu du Uxue Barkosek. Izquierda-Ezkerrarekin bilduko da gaur Barkosen taldea. Nafarroako Parlamentuan egina dute hitzordua 11:00etan. Geroa Baiko presidentegaiak beharrezkoa du koalizioaren babesa, baita, EH Bildurena eta Podemos-Ahal Dugu taldearena ere UPNren Gobernuari gidaritza kentzeko.

“Aldaketaren gobernua osatu behar dugu denborarik galdu gabe”, nabarmendu du Barkosek. Lehenbailehen ekin dio Geroa Baik bilera horiei.

Aldaketa gogoa

“200.000 boza lortu dituzte aldaketaren alde dauden alderdiek”, azpimarratu du Barkosek. Datu horietan PSNren bozak ere sartu ditu Geroa Baik: “PSN ez dugu aldaketaren bidetik albo batean utziko, alderdi sozialistari berari dagokio erabakitzea non izan nahi duen”, adierazi du. “Aldaketak integratua, gaitasun handikoa, lasaia eta denboran iraunkorra izanen dena behar du”, gaineratu du. UPN eta PPrekin zenbait akordiotara iristeko aukera ere ez du baztertu Barkosek.

Epeei begira jartzeko unea ere bada. Ekainaren 13an osatuko dira Udalak. Ekainaren 17an osatuko da Parlamentua eta horrela, bederatzigarren legealdiari ekinen dio.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!