LABek nagusitasun handiz irabazi ditu foru Administrazioko hauteskundeak, eta ELA da bigarren indarra

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 21a, 11:22
Nafarroako Jauregia, gauez (Argazkia: navarra.es)

Gaur "aldaketarako akordio soziopolitikoa" proposatuko die LABek EH Bildu, Geroa Bai, Podemos eta Izquierda-Ezkerrari.

Nagusitasun handiz irabazi ditu LABek foru Administrazioko hauteskunde sindikalak. ELAk indarrez egin du gora, eta bigarren postua lortu du, CCOO gibelean utzita. CCOO eta UGT gogor zigortu dituzte enplegatu publikoek. Atzo foru Administrazioko 24.390 enplegatu publikok eman zezaketen botoa, 254 ordezkari sindikal aukeratzeko 3.640 hautagairen artean.

Foruzaingoko zein Osasun Publiko eta Laboreleko Institutuko hauteskundeak atzeratu egin dituzte. Orain arte, LABek 72 ordezkari lortu ditu, duela lau urte 55 zituen. Berea da igoerarik handiena, 17 irabazi baititu. ELAk 38 erdietsi ditu, 2011n baino 3 gehiago, eta CCOOri aurrea hartu dio. Azken sindikatu horrek beherakada latza pairatu du: 2011n 41 ordezkari lortu zituen; atzo, 35. UGTk beste 5 ordezkari galdu ditu, 22tik 17ra pasa baita. CCOOk eta UGTk galdutako hainbat boto AFAPNAra joan dira, sindikatu hori 14 ordezkaritik 23ra pasa da eta. Steilas sindikatuak gora egn du: 8 ordezkari zituen, eta aurrerantzean 10 izanen ditu.

Prentsa ohar batean LABek nabarmendu du “bigarren indarrarekiko tarte handiz eta aurreko hauteskundeetan baino ordezkari gehiago lortuz” gailendu dela. “Azken lau urteotan une egiazki kritikoak bizi izan ditugu Nafarroako zerbitzu publikoetan”, eta “emaitzek denbora horretan egindako lanari bultzada ematen diote”, sindikatu abertzalearen arabera. Hori horrela, “orain zerbitzu publikoak berreraikitzeko lanari ekitea tokatzen da”. Horretarako, “milaka lanpostu publiko berri sortu behar dira, murrizketei eta pribatizazioei buelta eman behar zaie, bajak lehen egunetik ordezkatu behar dira eta langileen erosteko ahalmena berreskuratu behar da”.

Aldaketaren indarrei proposamena

LABen arabera, hori guztia ezinezkoa da lau urte hauetan Gobernuan izan diren alderdiekin, UPNrekin eta PSNrekin, alegia. Hartara, “aldaketako protagonista izan behar duten lau alderdiei”, EH Bildu, Geroa Bai, Podemos eta Izquierda-Ezkerrari hain zuzen ere, proposamena luzatuko die gaur LABek. “Nafarroan eredu berria eraiki nahi duten eragile sozialen, sindikatuen eta alderdi politikoen arteko akordio soziopolitikoa proposatzen dugu”, iragarri dute agirian. Xedea ei da “Nafarroa aldatzeko oinarri estrategikoak finkatzea, alor bakoitzaren (politikoa, sindikala, soziala) autonomiatik”.

LABen idurikoz, akordio horrek lau ardatz eduki beharko lituzke. Lehena, "sare klientelarren desegitea eta alor guztien demokratizazioa". Bigarrena, "alor publikoaren aldeko apustu estrategikoa, herritarren osasun, hezkuntza, etxebizitza eta babes sozial eskubideen berme moduan". Hirugarrena, "Nafarroan lan harreman marko propioa sortzea, lana eta aberastasuna banatzeko helburuarekin". Eta laugarrena, "Madrilen aitzinean Nafarroan erabakitzeko eskubidearen defentsa sozial zein instituzionala".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!