Opus Deiren unibertsitateko irakasleek sexu abstinentziaren apologia egiten dute DBHko 3. mailako testu liburu batean

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 14a, 10:16

Abortatzeko eskubidearen aurka ere egiten dute liburuan. Egileen artean, Jokin de Irala dago, lehenagotik ere zer esana eman zuena homosexualitatearen senda daitekeela argudiatuz.

Bortxaketa baten ostean abortua zalantzazko jotzen dute, pornografiak menpekotasuna sor dezakeela ohartarazten dute eta sexu bidezko gaixotasunak ekiditeko modu seguruena sexu-abstinentzia dela nabarmentzen dute webgune batean. Interneteko orrialdean jasotakoak ezagutu dira orain baina, Biologiako testu liburu batek sortu zuen polemika. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailarako prestatutako testu liburua da, homosexualitatea joera naturala ez dela jasotzen da beste baieztapenen artean. Nafarroako Opuseko unibertsitateak iragarri du zenbait paragrafo erretiratu eginen dituela liburu horretatik. Kolektibo hainbatek azalpenak eman ditzatela nahi dute eta esaldi horiek Biologia liburuan jaso izanagatik ondorioak izan ditzatela ere eskatzen ari dira.

SM editorialak argitaratutako testu liburua da eta Medikuntzan, Biologian eta Erizaintzan adituak diren Nafarroako Unibertsitate Pribatuko irakasleak daude egileen artean. Homosexualitatea eta heterosexualitatea osasun arloan alderatu ezinak direla jaso dute testu liburu horretan. Gaineratzen du testuak, homosexualitatea bikote anizkoiztasunarekin lotuta dagoela.

Jovenes hoy izeneko taldearekin batera editatu zuten liburua Opuseko unibertsitateko irakasleek. Talde horrek bere burua modu honetan deskribatzen du: "profesional taldea gara, Europako lurralde desberdinetakoak afektibitatea eta gazteen arteko sexualitatea sustatzeko asmoa duguna". Webgune baten bitartez, galderak planteatzen dituzte eta abortuaren, masturbazioaren eta abstinentziaren inguruan ere idazten dute. Esaterako, bortxaketa baten ostean abortatzea aukeratzat ikusten duten galdetuta, diote: "enbrioia ez da amari gertatu zaionaren erantzule" eta "abortuak ez du desagerraraziko gertatutakoa". Gaineratzen dute, "haurdunaldiarekin segitzeko aukerarekin egiten dugu bat eta haurra jaiotzen delarik adopzioaren aukera aztertzearekin". Masturbazioaz diotena da, pornografiak menpekotasuna sor dezakeela eta abstinentziaz nabarmentzen dute, sexu-gaixotasunak %100 ekiditeko modu bakarra dela.   

Horiek guztiak webgunean jasotzen dituzten paragrafo batzuk dira. Twitter bidez gainera, diote, preserbatiboa ez dela %100 fidagarria HIESA ekiditeko edo bikote harremanetan oporretara elkarrekin joan eta logela berbera konpartitzeak zaildu egiten duela sexu harremanak senar-emazte izan arte ez izatea.

Webgunearen egileak

Zazpi lagunen artean ematen dituzte azalpen horiek interneten, horien artean daude: Alfonso Osorio Psikologia Sozialean irakasle eta Nafarroako Unibertsitate Pribatuko kide; Carlos Beltrano, Hezkuntzan doktorea eta ikertzailea Opuseko unibertsitatean; Jokin de Irala Medikuntza prebentiboan eta Osasun Publikoan katedratikoa da Nafarroako Unibertsitate Pribatuan.

Hezkuntza Ministerioan, kexa

Kolektibo batek baino gehiagok kritikak egin ditu. "Onartezina da homosexualitatea diskriminatzen duen liburu batek Ministerioaren babesa izatea", diote. Espainiako Parlamentuan azalpenak eska ditzatela nahi du Eugeni Rodriguezek, Homofobiaren aurkako Behatokiko presidenteak Iruñean emandako hitzaldi batean. Deia, alderdi politikoei gaia azter dezatela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!