Galzorian dauden zuhaitzak landatuko ditu Baztan Ikastolak Oinez Basoa ekimenean

Euskalerria Irratia 2015ko api. 24a, 12:42
Oinez Basoa antolatzen ari direnak zuhaitzak landatzeko eremuetan izan dira.

Ingurumena babestu eta euskara bultzatzeko helburu du Oinez Basoa ekimenak. Zazpigarren urtez ekin diote proiektuari eta Baztan Ikastolak bosgarren basoa sortuko du egitasmoaren baitan.

Babestutako bi landare espezierekin baso bat landatzea da Baztan Ikastolak proposatu duena. Modu horretan ingurumena eta hizkuntza bultzatuko lukete zazpigarren Oinez Basoa ekimenean. Galzorian dauden bi landare mota babestuz osatuko dute Baztanen sortuko den basoa: karpea edo pago-lizarrarekin eta erramu portugaldarra edo loroarekin: "Baztango eremu komunalean eraikiko da baso berria eta landaketa ohitura zaharraren bidez ariko gara", nabarmendu du Manolo Lizardi Oinez Basoako antolatzaileetako batek.

Nafarroa Oinez ospakizunak ingurumenean sortzen duen kalteei aurre egiteko proiektua da Oinez Basoa. "Kalte ekologikoa orekatzea da asmoa", esan du Lizardik.  Euskararen aldeko landaketan parte hartzera dei egin dute. Horretarako www.oinezbasoa.eus webgune berrituan babes daiteke egitasmoa. Baztanen sortuko den basoa bosgarrena izanen da, lehendik Tuteran, Tafallan, Zangozan eta Arbizun eginak baitira. 

Baztan Ikastolak du ardura aurtengo Nafarroa Oinez festa antolatzeko. Heldu den urriaren 18an izanen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!