Oinarrizko errenta zabaldu egin du Parlamentuak

Euskalerria Irratia 2015ko ots. 27a, 10:25
Parlamentuaren aitzinean egindako elkarretaratzea (Argazkia: SOS Arrazakeria)

Gizarte taldeek Bilduren, Aralarren, I-Eren eta Geroa Bairen babesarekin proposatzen zuten aurrerapausoaren tamaina murriztu du PSNk

Oinarrizko errenta jasotzeko eskubideak aurrerapausoa eman zuen atzo Nafarroan. Urratsa ez zen izan, baina, oposizioko talde gehienek nahi bezain handia; izan ere, PSNren sostengua ezinbestekoa zen lege aldaketa aurrera atera ahal izateko, eta Maria Txibiteren alderdiak hori emateko baldintza jarri zuen: bere 21 zuzenketak onartzea. Horrek berez helburu askoz handiagoak zituen Bildu, Aralar, Izquierda Ezkerra eta Geroa Bairen egitasmoa kimatu egin zuen. Esan gabe doa UPNk eta PPk kontra bozkatu zutela.

Balizko hartzaile gehiago

Nolanahi ere, atzo Parlamentuak onarturiko aldaketak urrats badakartza aldaketa garrantzitsuak. Esaterako oinarrizko errentaren hartzaileek bete beharreko baldintzak laxatu egiten ditu. Orain arte gutxieneko adina 25 urte ziren. Aurrerantzean, 18 urtekoek ere jaso ahal izanen dute, baita seme-alabak dituzten adingabeek eta zama familiarrak dituzten 65 urtetik goitikoek ere. Jakina, betiere gainontzeko baldintzak betetzen badituzte. Horien artean bat, 24 hilabetez bizi izatea Nafarroan.

Epe zabalagoak

Orain arte 30 hilabetez jaso zitekeen laguntza. Hemendik aurrera, epea 36koa izanen da. Eta jasotzekoeskaera ez da 6 hilean behin berritu beharko, baizik eta 12 hilean behin. 36 hileko epe hori bi kasutan zabaldu ahal izanen da: 16 urte azpiko adingabeen zaintzak hartzailea lan merkatuan sartzea zailtzen duelarik, eta hartzaileak osasun arazo larriak dituelarik.

Laguntza handiagoa

Laguntzen zenbatekoa ere handitu egin da. Unitate hartzailea pertsona bakarrak osatzen badu, lanbide-arteko gutxieneko soldataren %100 jasoko du; bi badira, %120; hiru badira %130; lau badira %140 eta bost badira %150.

Pertsona 1: 648,60 euro.

2 pertsona: 778,32 euro.

3 pertsona: 843,18 euro.

4 pertsona: 908,04 euro.

5 pertsona: 972,90 euro.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!