Osasunaren gaixotasuna

Euskalerria Irratia 2015ko ots. 18a, 14:13

2,4 milioi euro partidak erosten erabili izana egozten diote talde iruindarrari. Foru Ogasunarekin zuen zorra kitatzeko legea lehendik ere aztertzen ari zen Europa. Osasuna, beraz, gaixo dago, larri, akaso, hiltzeko, hau da, desagertzeko zorian.

Ustel usaina dator Sadar aldetik, eta horren sorburua ez dira Pamplonica txorizo fabrikak garai batean Sadar erreka txikira egiten zituen isurketak. Itxura guztien arabera, iragan denboraldiaren azken txanpan Gazteluko plazako taldea hainbat norgehiagoka erosten saiatu zen.

Hogeita lau urtez Osasunako gerente izandako Angel Bizkaik bart SER irrati kateari eskainitako elkarrizketan aitortu zuen Valladolid-Betis eta Osasuna-Betis partiden emaitza adosten ahalegindu zela talde andaluziarreko bi jokalarirekin, eta gestio hori orduko presidente Artxankoren aginduz egin zuela. Espainiako Futbol Liga profesionalarekin ere hitz egin du. Eta kolaboratzeko prest azaldu da.

Osasunaren diru kontuetan 600.000 euroko irteera justifikatu gabe dagoela argitaratu zuen atzo Marca egunkariak. Eguerdian, egungo presidente Sabalzak zuloa 1,5 milioi eurokoa zela esan zuen. Gauerdian, Bizkaik 2,4koa zela bota zuen. Sabalzaren jarrera kolaboratzailearen gibelean egon daitekeen arrazoia: Futbol Liga Profesionalak hitz eman duela kolaboratzen badu ez duela maila galduko (ez, behintzat, zigor moduan). Bizkairen jarrera azatzeko arrazoi gehiago izan daitezke, bistakoa baita egungo zuzendaritzarekin talka egin duela.

1, 2, 3, 4, Ogasuna, gora!

Hau guztiau atzo ezagutu genuen, hain justu Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkariak jakinarazi zuelarik Foru Gobernuak eta Osasunak taldearen ogasunaren balioa adostu zutela: 43 milioi euro, Sadarren eta Taxoareren truke. Foru ogasunarekin duten zorra ordaindu behar ez izatearen truke.

Hori ahalbidetzen duen Foru Legearen tramitazioa polemikoa izan da. Gobernuko eledun Sanchez de Muniaini galdetu diote ea ba ote zekiten 2,4 milioi euroko zuloa egoera Osasunaren diru kontuetan. Erantzuna, ezetz, horren berririk ez zutela, eta Gobernua "haserre eta harrituta" dagoela. Ba ote zekiten legea onartu aurretik Osasuna ikertzen ari zirela partidak erosteagatik? Sanchez de Muniainen arrapostua ez da erabat argia izan: "Suposa daiteke baietz".

Euskalerria Irratiko parlamentarien solasaldian auziaren inguruko erreakzioak bildu ditugu. Bilduko Bakartxo Ruizen aburuz, Osasunari buruzko legea bertan behera utzi beharko litzateke. Aralarko Xabi Lasak dio ardura politikoak argitu beharko liratekeela, legea onartu zelarik Osasunaren kontuak aztertzeko behin eta berriz eskatu bazioten ere, Gobernuak halakorik ez egitea erabaki zuelako. EAJ-Geroa Baiko Manu Aierdiren iritziz, etsigarria da "bizi dugun balore krisiaren isla den eskandalu berri bat izatea, eta beste behin ere Nafarroan izatea kokalekua". Azkenik,  Izquierda-Ezkerrako Joseba Ezeolazaren arabera, "eskandalu honek UPNren agintzeko moduarekin zerikusi zuzen du, Nafarroa hanpatu baitute, lehertu arte, munduan parekorik ez zuela sinistarazteko ahaleginean".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!