Hasi da euskaldunONastea

Erabiltzailearen aurpegia Karrikaluze elkartea 2015ko ira. 9a, 14:21

Haurrei zuzendutako Batuziklatu tailerrak eman zion euskaldunONasteari hasiera atzo.

Baldeak, makilak, latak eta yogur poteak. Arratsaldeko 19:30erako birziklaturiko material guztia plazan bilduta genuen eta haurrak gugana hurbiltzen hasi ziren. Asmoa bitxia zen: pilatutako material birziklatuarekin batukada bat sortzea. Adin eta gaitasunen araberako hiru talde osatu genituen. Lehenengoak marakak egin zituen yogur pote, txitxirio eta dilistekin. Bigarrenak tanborinak lata eta plastikozko estalkiekin. Eta hirugarrenak surdoak plastikozko kubo erraldoiekin.

Sortze lanak amaituta, hiru taldeak batu eta batukada erritmo ezberdinak ikasi zituzten. Ordua zela-eta, haurrek ez zuten entsaiatzeko nahikoa astirik izan eta tokata ez zen nahi bezain koordinaturik entzun. Hala ere, dinbi-danba eta kriski-kraska, zarata gustora egin zuten.

EuskaldunONastea

Atzokoa ekintzaz betetako kultur aste osoaren lehenengo zita izan genuen eta larunbatera arte arratsaldero bilduko gara Atarrabiako Udaletxe plazan. Gaur kontsumo arduratsua egiteko alternatibak aurkeztuko dizkigute “Kontsumo etikoa” izeneko hitzaldian, arratsaldeko 19:30ean. Bihar Zirika Zirkuseko Pantxika Lamur clownak bisita egingo digu leku eta ordu berdinean. Eta ostiralean pintxo lehiaketaz eta La Jodedera talde euskokubatarraren doinuez gozatzen ahalko dugu.

Larunbatean, urtero bezala, euskaldunONeguna ospatuko dugu txistor jatea, bazkaria, triki-bertso poteoa eta Zwekere eta Joxe Replayren kontzertuekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!