Herrien dantza

Erabiltzailearen aurpegia Paul Bilbao 2017ko mai. 16a, 12:20

Azken hilabeteotan herrien dantza dabil Nafarroako erdialde eta hegoaldean. Doinu berriekin dantza egiteko gogoa dute herritarrek. Urteetan pairatu dituzten burrunbek ez zieten inolako aukerarik ematen dantza egiteko. Batzuk misto delako gunean sartuta zeuden, besteak, aldiz, ez-euskaldunean, eta biek ala biek ez zuten aukerarik musika guztiaz gozatzeko. Are gehiago, ez-euskaldunekoei musika bera ere debekatzen zien aurreko Gobernuak.

Halere, urtarriletik hona herri batzuek eskatu egin dute pixka bat musika jasotzeko eta horrela, eremu mistora igarotzeko eskaera egin diote Nafarroako Parlamentuari. Egia da, bai, horrenbeste urtez isilunean egon eta gero, dantzarako musika pixka bat entzutea eskertzekoa dela. Egia da, bai, pozteko hamaika arrazoi dutela bertako herrikideek, eta pozteko arrazoia ere bada milaka eta milaka herritarri aukera emango zaiela pixka bat musika entzuteko, horren bueltan dantza egin dezaten. Dena dela, ez dute aukerarik izango musika guztiaz gozatzeko, eta beraz, ezin izango dute nahierara dantzatu.

Aurreko astean, Atetzek musika pixka bat izatetik, musika guztia gozatzeko eskubidea bermatzeko eskatu dio Nafarroako Parlamentuari, eremu mistotik eremu euskaldunerako igarotzeko eskaera eginez. Halere, Zizurko Zendeako udalak kontrakoa eskatu zion, alegia, herritarrak isiltasunera kondenatzeko eskaera egin zion Nafarroako Parlamentuari.

Tira… Uste dut badela garaia herritarrek nahi duten doinuarekin dantzatzeko aukeraz gozatzeko, eta horretarako ezin gara ibili batera eta bestera dantzan. Bada garaia herritar guztiei musika berdina entzuteko eskubidea bermatzeko, eta ondoren, erabaki dezatela zein dantza egiten duten.

Ez da normala, ez da zilegia, ez justua herriak dantzan ibiltzea, finean, herritarren eskubideak dantzan jartzen ditugulako. Justiziaz joka dezagun eta berma dezagun nafar guztiontzat musika berdina: Ofizialtasuna lurralde osoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!