Ikurren garrantzia

Erabiltzailearen aurpegia

Txikitan egunero ikusten nuen Txantreako etxeko paretan zegoen Francoren garaiko xafla txikia. Etxe guztietan zegoen. Alta, garaiko etxebizitzaren Institutu nazionalak gogorarazi nahi izaten zigun etxebizitza hori 1954ko Legearen onurei esker eraikia izan zela. Xaflaren ezkerraldean, Falangeren uztarria, geziak eta etxebizitza baten irudia.

Franco hil ondoren, denboraren poderioz, ikur horiek gehienak erori edo kenduta izan ziren. Gure aita zenak deus gutxi botatzen zuen eta Txantreako etxean tailer txikia zuen konponketak egiteko. Xafla kendu zuen eta saguak harrapatzeko tranpa egin zuen. Niri oso deigarria egin zitzaidan xafla txikiaren erabilera berria. Ikurrak lehentasunezko tokia galdua zuen, baina, hala ere, ikusten nuen bakoitzean haren esanahia gogoratzen nuen. Gure artean zirauen.

Antzeko zerbait gertatzen zait Erorien Monumentuarekin. Faxismoari gorazarrea egiteko Nafarroan egun dugun ikur nagusia da. Bestelako erabilera izanagatik ere, nekez ahaztuko dugu zer den.

Monumentua ordezkatuko lukeen proposamenen erakusketa ikusgai izanen da gaurtik aurrera. Eta nik, oraindik, jakin gabe zein nahiago, zeini egin kasu: nire tripei (eta kasu horretan botatzearen aldekoa naiz) edo buruari (eta bestelako erabilera bultzatu).

Ikurrek berebiziko garrantzia dutelako.