Hezkuntza publikoa aterpe

Erabiltzailearen aurpegia

Iruñeko Alde Zaharreko Eskola Publikoan egin berri duten patiorako aterpea ezagutu dugun egun berean Nafarroako Gobernuak haur matrikulazioaren kanpainaren berri eman du.

Oso adierazgarria. Eskola publikoan aterpe.

Nafarroan hezkuntza sistema nahi erara sistema liberalean oinarritua dago. Eskuinak honelako sistema indartu du eta oso errotuta dago jendartean.

Familiek eskaintza zabala dute, menu jatetxeko menu baten modura:

- Nik, hasteko, euskara pixka bat nahi dut, baina bota ingeles saltsa.

- Ni, intolerantea naiz, eta ez dut nire alabak euskara ezagutzerik nahi.

- Ni orojalea naiz, beraz aukera eleaniztuna da nirea.

- Nik, berriz, kilometro zero aukeratzen dut, euskaraz nahi dut nire menua.

Eta menu publikoaz gain, badira karta aukeratzen dutenak. Hori bai, menua zein itunpeko karta denon artean ordaintzen dugu. Teorian, gehigarri batzuk izaten direlako ikasle mota jakin batzuk uxatzeko.

Nik garbi dut: hezkuntza publikoa da kohesio soziala eta erabateko berdintasuna bermatzen duen eredu bakarra. Haren defendatzaile sutsua naiz, benetan sinisten baitut aterpe ona ematen diela ikasleei eta jendartearen berdintasun aukerari.