Elurtearen esperoan

Erabiltzailearen aurpegia

Neguko bigarren elurteak zer esan handia sortu du han eta hemen. Izan ere, inor gutxik espero zuen kantitatea bota zuen magikoetan magikoena omen den gauean.
Ezin opari hobea umeendako, ezin atsekabe handiena auto-gidarientzat.
Orain, han eta hemen, kudeaketaren gaineko erantzukizunak eskatzeko garaia etorri da. Eta gure Nafarroa honetan gupidarik gabekoak izanen dira maila politikoan.
Milaka leporaketa, baina inor gutxik aipatzen du denok dugun ardura, hau da, eguraldi iragarpenari begiratzea, elurra den kasuetan gidatzeko trebakuntza minimoa izatea, eta autoaren kateak eraman eta jartzen jakitea. Eta ahaztu gabe kotxea hartzea hautu pertsonala dela kasu askotan. Bidaiatu behar dugu, ahalik eta urrutienera joan behar dugu; beharra sortu eta beharra elikatu. Kosta ahala kosta.
Eta ekaitz mediatikoan Altsasu herria nabarmendu da.
Herriek, behar denean, eta horretan sinesten dutenean, egoera zailetan badakite egoki erantzuten, eta horrexegatik egin behar zaio gorazarre Altsasuri, gizarte zibilak egoera zailetan euren benetako sena erakusten dutelako, eta Altsasukoa begi-bistan geratu da. Eskertzekoa.
Orain hurrengo elurtearen esperoan.
Neguan gaude-eta.