Mutil bulbadunak eta neska zakildunak

Erabiltzailearen aurpegia

Aurtengo lehenengo hotzaldiaren ondoren, billabesa geltokietan errealitate gordina ikusteko aukera izan dugu Crishallys Euskal Herria burutzen ari den kanpainarekin.
Egia borobila islatzen da irudiotan: badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak. Lehenengo aldia dugu honelako ekimena Euskal Herri mailan. Gutxitan izan ditugu horren zuzena eta agerikoa den askatasunaren eta aniztasunaren aldeko kanpainak. Estatu Batuetan bizi eta euskal jatorriko pertsona batek eman duen diruari esker gauzatzen ari da Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Urte gutxi daramagu haurren transexualitateaz hitz egiten eta, zoritxarrez, gaur egun haur trans gehienek sufritu egiten dute gizarteak egoki jokatzen ez duelako, eta neurri handi batean errealitate horren berri ez duelako.
Adingabe transexualekin berriki egindako ikerketek agerian uzten dute haien identitatea errespetatu eta laguntzen denean, bizi-kalitatearen eta zoriontasunaren mailaren adierazleak adin bereko gainontzeko biztanleen antzekoak direla. Beraz, beraien zoriontasuna gure esku ere badago.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan bolada batean ikusiko ditugu afixak, eta urtarril hotz eta umel honetako protagonistak izatea nahi nuke. Ongi erreparatu kartelei: neska bulbadun eta zakildunak, mutil zakildun eta bulbadunak korrika, biluzik, pozik , algara betean…
Oihartzun handia izaten ari da komunikabideetan ekimen hau. Ikustekoa da billabesa itxoin bitartean nolako begiradak eta iritziak sortzen diren kartel handi horien gainean. Facebookek eten egin du kartelen zabalkundea, baina azkar eta taxuz etorri da erantzuna: egin ezazu selfie bat Chrysallis EHren kartelarekin eta igo sare sozialetara.
Egin dezagun bat aniztasunarekin.