Batasun sindikala eztabaidan

Erabiltzailearen aurpegia

Bihar, hilak 17, Nafarroako Administrazioaren hainbat sindikatuk elkarretaratzea antolatu dute Jauregiaren aurrean.

Nik ez dut parte hartuko. Ez dut aitzakiarik bilatuko. Ez dut batasun sindikala bultzatuko. Ez dut batasun sindikalean sinisten.

Ez du inork alderdien arteko batasuna eskatzen. Sindikatuena, berriz, ohikoa izaten da.

Ekintza sindikal bateratuan sinisten dut eta horren alde lan egiten dut. Elkarrekin mobilizatzeko helburuak ongi definitu behar dira, eta mezu garbia eta zuzena adostu. Hitz hutsaletatik haratago doan mobilizazio zalea naiz.

Elkarretaratzean ez dira sindikatu guztiak izanen, eta euren hutsa nabarmena izanen da, Administrazioaren Mahai Orokorrean eta Hezkuntzako Mahai Sektorialean gehiengoa osatzen baitute.

Antolatzaileek “ahalik eta neutroen den mezua” lehenetsi dute, PPren injerentzia salatzen ez duen mezua, UPNren erantzukizuna aipatzen ez duena . Negoziazio mahaien benetako balioa ukatzen duten sindikatuak dira.

Benetako aldaketaren aldeko ekimenetan hartuko dut parte, eta horretarako, bidelagunak aukeratuko ditut. Hitz hutsalak eta ezkutuko estrategiak baztertzeko tenorea dugu Nafarroan, eta, ondorioz, koherentziaz jokatuko dut.