Gaztetxe hezitzailea

Erabiltzailearen aurpegia

Gaztetxea dugu Iruñean, eta berriro ere hezkuntza ardatz bihurtu dute egunotan emaniko adierazpenetan. Gazte hauentzat motz geratzen da araututiko hezkuntza. Badugu zer ikasirik, badugu zertan sakondurik. Hainbat gaztek tinko eutsiko diote egitasmo berriari, eta horretarako gainontzekoon sostengua behar izanen dute, euren aldarrikapenak geureak ere baitira.

Bestelako jendarte eredua amets eta helburu, eta horretarako nork bere burua jantzi behar du, eta elkarren laguntza behar dute. Iruñerria berpizteko asmoa dutela aitatu izan dute, eta horretarako Compañia Karrikako eraikina okupatu dute Iruñea lozorrotik atera nahian. Erregimen zaharra ametsgaiztoen artean utzi nahi dute.

Ipuinetan ez bezala, lozorrotik ateratzeko ez da inolako printzeren musuren beharrik izan. Haiek beraiek erakutsi dute ausarki jokatu behar dela gune askeak lortzeko, eskean ibili beharrean.

Ez da inor etorriko gu salbatzera, ez da inor etorriko gu askatzera. Aldaketak egingo baditugu, gure jendartea aldatuko badugu, hazi eta hezi behar dugu, eta hezteko guneak non-nahi daude, baita gaztetxean ere.