Gol faltak atzera ere Osasuna zigortu du

Erabiltzailearen aurpegia Taxoareko Hitza 2016ko ots. 23a, 08:19

Osasuna-Zaragoza (1-1)| Partida ederra izan zen nafar eta aragoiarren arteko derbia.

Kazetaria: Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

Osasuna-Zaragoza (1-1)| Partida ederra izan zen nafar eta aragoiarren arteko derbia. Gorritxoek azkenaldiko neurketarik onena jokatu zuten. Alabaina, ate aurrean asmatu ez, eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan ziren.

Azken lau partidetan itxura kaskarra eman ostean, igandean Osasunak freskotasuna eta dizdira berreskuratu zituen. Martinek eskema aldaketa egitea deliberatu zuen, lau defentsa eta euskarri bikoitza zelairatuz, eta emaitza ikusita esperimentua ongi atera zitzaiola esan daiteke. Hasiera hasieratik taldeari garbi somatu zitzaion ez zela iragan asteetako Osasuna bera. Garaipen gose handiarekin zelairatu ziren Martinen gizonak. Talde oldarkorra, intentsitate handikoa izan ziren. Uneoro Zaragozaren areara arriskuarekin iristen tematu ziren, eta defentsa lana egin behar izan zutenean sendotasun handia erakutsi zuten. Gauza bakarra falta izan zitzaien: ate aurrean eraginkorrago izatea.

Neurketako lehen minutuetan begi bistan gelditu zen nafar eta aragoiarren arteko derbiak erritmo handia izan behar zuela. Osasuna garaipena kosta ala kosta lortu nahirik zelairatu zen, eta Zaragoza ere helburu berarekin irten zen Sadarreko berdegunera. Minutuen joanarekin batera, Osasuna pixkanaka zelaian nagusi izaten hasi zen. Baloiaren jabetza bere egin zuela, hegaletatik eraso egiteari ekin zion. Nabarmentzeko moduko protagonsimoa izan zuen ezker hegalean kokatu zen Alex Berenguerrek. Bere abiaduraz baliaturik, behin eta berriro saiatu zen defentsei izkin egin eta erdiraketa arriskutsuak jartzen. Haren hegaletik sortu ziren gorritxoen gol abagunerik gehientsuenak. Horietako batean Urko Vera lehen gola egitear izan zen, baina Zaragozako atzelari Cabrerak aurrelari gorritxoaren errematea ekidin zuen.

Gorritxoek lehen zatian izan zuten gol abagunerik garbiena atzokoan bikain aritu zen Antonio Otegik izan zuen. Zelai erdian baloia lapurtu, eta bakar bakarrik gelditu zen atezainaren aurrean, baina jokaldia amaitzerakoan ez zuen asmatu. Horrenbestez, jokoaren ekimena eta gol abaguneak gorritxoek zituzten, baina horrek ez zuen esan nahi aragoiarrak guztiz menpean zituztenik. Ezta gutxiago ere. Kontraerasoak baliatuta nafarren areara arriskua hasi ziren eramaten, eta 41. minutuan, partida atsedenera heltzear zela, huts eta batekoa egin zuten, Lanzaroteren bidez. Honen erdiraketak Nauzet aurreratuta harrapatu zuen, eta baloia inork ukitu gabe atean sartu zen. Kolpe gogorra izan zen gorrientzat, zelaian nagusi izan arren atsedenera markagailuan atzetik iritsi baitziren.

Haatik, Martinen jokalariak ez zeuden amore emateko, eta atsedenetik itzuli eta berehala banakoa egin zuten. Golegilea David Garcia izan zen, Roberto Torresek ateratako kornerra sareetara bidali zuena. Berdinketa lortu ostean, gorriak garaipenaren bila joan ziren, kanpokoek urrats bat atzera egin zuten bitartean. Martinek aulkia mugitzeari ekin zion, taldea hiru puntuak lortzeko eginahal horretan hauspotzeko asmoz. Horrela, lehenik eta behin Pucko atzokoan desagertu samar ibili zen Olavideren ordez zelairatu zuen, eta ondoren De las Cuevasek Otegiren lekua hartu zuen.

Gauzak horrela, bigarren zatian Osasunarenak izan ziren berdinketa apurtzeko abagune guztiak. 62. minutuan De las Cuevasek gola egin zuen, baina marrazainaren arabera jokoz kanpo zegoen. Bost minutu geroago, Puckok bigarrena egiteko abagune ezinhobea akastu zuen. Dena alde zuela, Manu Herrerak eslobeniarraren jaurtiketari erantzun ederra eman zion. Hortik aurrerako minutuetan Osasunak garaipenaren gola egiten saiatu zen, baina nekea tarteko, erritmoa apur bat jaitsi zutela esan daiteke. Horrela, azken hatsera arte saiatuagatik, azkenean berdinketarekin konformatu behar izan ziren. Igandean, atzera ere, gol faltak Osasuna zigortu zuen.

Sailkapenari begira, Zaragozaren aurka lortutako puntuak gauzak ez zituen gehiegi aldatu. Gorriak uneon zortzigarren dira, seigarren den Mirandesen puntu kopuru berarekin (40). Behera begira ere gauzak oso estu daude, hamaikagarrena hiru puntu eskasera baitute. Hortaz, denboraldi amaieran igoeraren lehian egon nahi ezkero, puntuak hirunaka batzen hastea dagokio Osasunari. Hurrengo geltokia: Cordoba.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!