Donostiako ardiek Argaren ibai parkea garbituko dute sanferminetan

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko eka. 30a, 16:36
Donostiako Ametzagaina parkean hilabete eskas batean belarra jaten ibili ziren ardiak Iruñera ailegatu ziren atzo; Iruñeko Udalaren asmoa da sanferminetan ardi horiek Argaren ibai parkearen inguruak garbitzen aritzea; ongi eginez gero, ardiak urte osoan geldituko dira.

Sanferminak gerturatu ahala, simaur usaina hedatzen hasten da Iruñean, Santo Domingoko aldapan goiti harat hunat zabaltzen baita Gaseko ukuiluetan gorderik dituzten zezenen lurrina. Aurten, zezenen usain sarkorrari ardien usain are sarkorragoa gaineratu zaie. Izan ere, atzotik, lehenbiziko entzierroetan ibiliko diren zezenez landara, Donostiako Ametzagaina parkean belarra jaten ibili ziren ardiak ere baditugu ukuiluetan.

Donostiako udal gobernu berriak ardiak Ametzagainatik kanporatu zituenetik, abereak Aralarko larreetan izan dituzte bazkatzen. "Ordu batzuk Gipuzkoa aldean izaten nituen, eta beste ordu batzuk, Nafarroan", azaldu du artzainak. "Horrela, Nafarroako aire berrietara erraz moldatuko direla uste dut".

Joseba Asironek gidatzen duen Iruñeko udal gobernu berriak ez du uste ardiak hirian sartzeak inolako polemikarik sortuko duenik. "Ez dut uste Donostian gertatu zena gertatuko denik hemen. Maiatzaren 24an iruindarrek mezu garbia igorri ziguten, eta guk ulertu genuen: Iruindarrak animalien lagunak dira eta Argaren ibai parkea ardiek garbitzea nahi dute".

Sanferminetan, Alde Zaharraren ondoko ibai zatiaren inguruak arras zikintzen dituzte kolore guztietako gautxoriek. Bada, ardiek inguru horiek garbiago izaten lagunduko dutela pentsatzen du Udalak, uste baitu ardiek denetarik jaten dutela, izan belarra, plastikozko katxi zatia zein kondoi erabilia. "Sanferminetan ardien kontu honek ongi funtzionatzen badu, ardiei kontratua luzatuko diegu, eta urte osoan izanen ditugu hemen", baieztatu du Asironek.

sanferminak iraun bitartean, ardiak zezenekin batera egonen dira, Gaseko ukuiluetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!