Azucar Moreno taldeak ez du aldaketarako oztopo izan nahi

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko eka. 18a, 16:23
Encarni eta Toñi Salazarrek (aurrerantzean, Enkarni eta Toñi Zaraitzu) agiri bat kaleratu dute, garai berriekin bat egiten dutela argituz, eta Joseba Asironi elkartasuna adieraziz. Euren "hit" guztiak euskaratuko dituzte, uztailaren 11n Iruñean eskainiko duten kontzerturako.

Azucar Moreno talde andaluziarrak uztailaren 11n joko du Iruñean, Sanferminetako egitarau ofizialaren barruan. Notizia argitara atera bezain laster, haserre bizian jarri dira hainbat iruindar (besteak beste, agerkari digital honetako erredaktore pare bat). "Hau al da aldaketa?", "Kastatik kaspara igaro gara!" eta bestelako leloak entzun ahal izan dira hiri buruzagiko karriketan, eta batzu-batzuek kontraproposamenak egin dizkiote udal berriari. Hala, "Los del Río-k jotzen ez badute, hau ez da nire iraultza" edo "Raffaela-rik gabe, bakerik ez" zioten anonimoak jaso dituzte udal gobernu taldeko zinegotziek.

Sortutako krisiaren jakitun, Azucar Moreno taldea osatzen duten Encarni eta Toñi Salazar abeslariek agiri bat kaleratu dute, aldaketa politikoarekin bat egiten dutela argituz, eta Joseba Asiron alkateari elkartasuna adieraziz. "UPNren agintaldian sinatu genuen Iruñean jotzeko kontratua, baina ordutik, gauza asko aldatu dira hiriburuan", adierazi dute. "Horregatik, eta aldaketa haizearekin bat egiten dugula argi uzteko, hainbat neurri hartuko ditugu. Lehenbizikoa izanen da geure izena aldatzea: sanferminetako kontzertuan ez gara Azucar Moreno izanen, Azukre Beltzarana baizik, eta autografoetan agertuko diren izenak Enkarni Zaraitzu eta Toñi Zaraitzu izanen dira. Bigarrenez, geure "hit" gehienak ere euskaratuko ditugu: besteak beste, "Esclava de tu piel" (Zure larruaren esklabu), "Bandido" (Bidelapur) edota "Ole!" (Aupa!). Azkenik, eta Euskal Herriko herri mugimenduekin loturak sendotzeko, doako emanaldiak eskainiko ditugu Euskal Herria Zuzenean festibalean eta Hatortxu Rock-en".

Udal gobernu taldeak besoak zabalik hartu ditu neurriok, eta ikusteke dago beste artista espainiar batzuek bide bera urratzen hasiko diren. Momentuz, Leticia Sabaterrek adierazi du euskara intimitatean hitz egiten hasteko prest egonen litzatekeela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!