Zerua, zergatik da urdina?

Erabiltzailearen aurpegia Jon Mattin Matxain 2017ko api. 25a, 19:04

Negu lainotsu eta euritsuaren ondoren, eguzkiaren epeltasuna eta zeru urdinak gustora hartzen ditugu. 

Horrelako egunetaz disfrutatzen ari garela, terraza batean, mendian, hondartzan, burura etorri zaigu noiz ala noiz zerua zergatik urdina ote den galdera. Gaurkoan, honi erantzun bat ematen saiatuko gara.

 

Hiru faktore kontutan hartu behar ditugu zeruaren urdin kolorea azaltzeko, hurrenez-hurren: argiaren natura, Lurraren atmosfera eta gure begiak. Azter ditzagun faktore hauek banan-banan.

 

  1. Argiaren natura: 300 urteko eztabaida eman zuen gaia ezin minutu batean laburtu, baina gu saiatuko gara. Argiak osagai asko ditu, eta horien artean, guk ikusten ditugun koloreak. Osagai guzti hauek fotoiak dira, argiaren partikulak, baina uhinen moduan ere portatzen dira. Osagai guztietatik ikusten ditugunekin geldituko gara. Eguzkitik Lurraren atmosferara heltzen zaigun argia, nahastuta dago. Kolore guztiak nahastuta daude. Baina kolore bakoitzak uhin tamaina desberdina du. Horrela, gorriak uhin tamaina handiena luke, eta urdin-moreak uhin tamaina txikiena. Denak nahastuta daudenean, argi txuria dugu (kolore guztiak nahastean, txuria sortzen zaigu).

 

  1. Atmosfera: elkartuta dauden koloreak, atmosferan sartzean, bertako gasekin topatzen dira.  Atmosferan, ordea, ez ditugu gas molekulak bakarrik. Oso txikiak izan arren, aire molekulak baino askoz ere handiagoak diren hauts partikulak eta bertze partikula mota batzuk ditugu. Argiaren koloreak atmosferaren osagai txiki hauekin topatzean, modu desberdinean portatzen dira.  Gorria (tamaina handiena) oso gutxi nabaritzen dute eta bidea berdintsu jarraitzen dute, baina urdin-morea (tamaila txikiena) asko sakabanatzen da zeruan zehar. Modu honetan, nolabait esateko, argi mota honek zerua “zipriztintzen” du.

 

  1. Gure begiak: hortaz, atmosferan urdin-more kolorea da gehien sakabanatzen dena. Baina, zergatik ikusten dugu guk zerua urdina eta ez morea? Horretarako, gure begiei egin behar diegu so. Argia harrapatzeko, bi zelula mota ditugu: bastoiak eta konoak. Hauek harrapatzen dituzten koloreak urdina, gorria eta berdea dira. Bakarrik hiru hauek harrapa ditzakete. Bakarrik 3 uhin mota horiek harrapatzen ditugu. Gure begiek ezin dutenez morea harrapatu, zerua urdina ikusten dugu.

 

Hau horrela, honekin lotuta hainbat galdera etortzen ahal zaizkigu burura:

 

Zergatik ikusten ditugu beste koloreak? Edozein kolore goiko hiruen konbinazioaz lor daitezke. Berdin gertatzen da gure begietan. Zerbait morea ikusten dugunean, ez dugu morearen uhina harrapatzen, baizik eta urdin/gorri/berde proportzio konkretua (hau horrela ez balitz, zerua morea ikusiko genuke).

 

Egunsentian eta iluntzean, zer dela eta ikusten ditugu zerua gorrixka? Momentu horietan, eguzkia horizontean dago. Bere argiak atmosfera zati gehiago zeharkatu behar du. Horrela, urdina gehiegi sakabanatzen da, eta hori-gorria aurreko kasuan urdina bezala sakabanatzen zaigu. Horregatik gorrixka ikusten dugu zerua, atmosfera gehiago zeharkatu behar delako.

 

Atmosfera egonen ez balitz, nola ikusiko genuke zerua eta eguzkia? Eguzkia horia beharrean, txuria litzateke, kolore guztien nahasketa, eta zerua beltza, argi osagairik sakabanatuko ez litzatekelako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!