Gizaki bionikoaren birusak

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2017ko ots. 20a, 15:59

Agur. Zenbaitetan, ematen du elkar baldintzatzen dutela bizimoduaren premiek eta aurkikuntzek: zenbat eta betaurreko hobeak, orduan eta begilabur gehiago. Orobat, zenbat eta ozenagoak bozgorailuak, orduan eta ugariagoak entzungorrak. Halaber, zenbat eta antibiotiko gehiago, hainbat eta ahulago gehienen sistema immunea.

Hein handi batean, berriak zaharra ordeztu eta desagerrarazten du. Halakoa omen da bilakaera. Batzuek diotenez, etorkizuna gizaki bionikoarena izanen da: gorputzean txertaturiko gailuen bidez hilezkortasuna eskura izanen dugu.

Are gehiago, berri-paperetan aurkitu dut hilezkortasun bionikoaren probetarako bere gorputza eskaintzen duen gizonezko bat. Marka handia izan liteke gosez hiltzen direnen aldean betierekoak aurkitu ahal izatea.

Halere, atal bionikoak kontrolatu ahal izateko programa informatikoak behar dira eta, jakina, informatikan ere badira birusak. Gizaki bioniko izan nahi duenaren elkarrizketaren iruzkinetan hacker batek honakoa idatzi du: "hilezkor bihurtzen bazaituzte zure sistemak sabotatuko ditut".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!