Gorrotoa ala zentzumena?

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2016ko mai. 2a, 15:24


Agur. Alemaniako zoologiko batean gertatu da: putre eme baten arrautza bi sai arrek txitatzen dute. Sai emeak inkubatzeari uko egin ondoren, arrautza sai bikote homosexualak hartu du bere gain. Berriak zur eta lur utzi nau.

Gogoan dut lagun taldeko bi gizonezko ezkondu zireneko zenbait txutxumutxu; gogoan dut, halaber, haur bat hazteko ardura hartu zuteneko hainbat zurrumurru. Egoera horiek zalantza edota gaitzespena eragin zuten batzuengan; eta horietako batzuek adierazi zuten egoera hori ez zela naturala.

Alemaniako zoologikoaren berri jasotzean neure buruari galdetu nion gizakiaren portaeraren naturaltasuna zertan datzan. Naturaren bertze espezie batzuk erreprodukzioaren ohiko eredutik at aritzean naturaren aurka ari al dira? Ez al da naturalagoa kumeak eta umeak bizitzea babestu eta maitatu nahi dituztenekin?

Telebistako dokumental batean ikusi dut tximinoen portaeran ere desberdintasunak daudela. Txinpantze talde bat bertze tximino batzuen oihanaldean sartu eta hil egin zituzten. Gutxi izan ziren txinpantzeen erasoan bizirik alde egindakoak.

Dokumentalaren bertze atal batean bonobo izeneko tximinoak ageri dira; nahiz eta txinpantzeen antzekoak izan, portaeraz guztiz desberdinak dira. Oihanalde berean bonobo bi taldek elkarri aurre egiten diote. Orro eta bultzada batzuk egin ondoren sexu harremanetan hasi ziren guztiak arerio guztiekin. Gero nor bere aldetik joan zen.

Txinpantze eta bonobo espezie berdinak badira ere, gatazkak konpontzeko bi eredu erabat desberdinak dituzte: bata gorrotoak bultzaturik eta, bertzea, zentzumenak gidaturik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!