Egia(k)

Erabiltzailearen aurpegia Iker Moreno 2017ko mar. 1a, 15:48


HazteOir talde ultrakatolikoak autobus bat hartu du, laranjaz pintatu du eta Madril, Valentzia, Bartzelona, Zaragoza, Iruñea, Donostia, Bilbo eta Gasteizetik paseatzeko asmoa du.

Autobusak zeresana emango zuela jakinik, izena ere jarri diote: “Egiaren autobusa”.

“Autobus laranja” esaten ahal zioten. Baina “gezurrik esaten ez duen autobus” gisa definitu du HazteOir taldeko presidenteak.

Bestelako izendapenak ere jaso ditu. Sare sozialetan “gorrotoaren autobusa” deitu dute, baita “autobus transfoboa” ere.

Suposatzen dut HazteOir taldeko kideei ez zaizkiela azken bi izen hauek gustatu. Nahiz eta jakin badakiten gorrotoak eman diela bus hori antolatzeko bultzada. Nahiz eta onartuko duten, off the record bada ere, beraiek transfoboak direla.

“Gorroto” eta “fobia” hitzak baina, hitz itsusiak dira.

Hala ere, “Transexualitatearen aurkako autobusa” izenda zezaketen. Baina ez. “Egiaren autobusa” deitu dute. Egiarena. Egia bakarrarena.

Eta ez dakit beraiena egia bakarra dela benetan sinetsiko ote duten, baina niretzat, beraien mundua ikusteko modu homogeneo sinplista ez da ingurua ulertzeko baliagarria. Mundua askoz konplexuagoa da. Anitza.

Hortaz, hobe genuke, haien egia bakar hori gutxiesten ematen dugun denboraren erdia bestelako egi anitzak ikusgarri egiten inbertituko bagenu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!