Olibondo iruzurtiak?

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2017ko api. 28a, 12:34

Begitartean, oraindik, duela bi aste Nafarroaren Erdialdean harrapatutako paisaiak: udaberria berdez margotzen duten gari soroak, mahasti eta olibondoak, soja zelaiak… Ohiko paisaia aldatzeko gogoz nengoen: belarretatik atera beharra neukan, mendiek trabatu gabeko lautada luze-zabaletan galdu ahal izateko bista. Argazki sorta eder hori itsusitu egin zait, baina, gaur goizean, UAGN sindikatuaren barruan izandako ustezko iruzurraren berri jakitean.
Aurretik Espainian beste sindikatu batzuek irekitako bide bera zapaldu du, nonbait, nekazari eta abeltzainen sindikatuak: egin gabeko ikastaroengatik diru publikoa kobratu, horretarako sinadura faltsuak erabiliz.
Felix Bariain, UAGNko presidentearen hitzetan arlo teknikoko jendeak burutu zituen ekintza horiek eta, hara!, kasualitatea, sindikatutik kanpora daude jada praktika horiek erabili zituztenak, nahiz eta ekintzak atzo bertakoak diren, 2011 eta 2012garren urteetakoak.
Formakuntza ikastaro fantasmen berri Andaluziatik zabaldu zen: CCOO eta UGT sindikatuak, Juntaren onarpenarekin, hamarkada oso batez aritu ziren iruzur egiten eta diru publikoa poltsiko pribatuetara bideratzen.
Nahi gabe, olibondoen irudia jartzen zait lehen planoan: Despeñaperrosetik beherako olibondo itsasoa eta Nafarroa Erdialdeko olibondo bakanagoak. Olibondoen eta sindikatu iruzurtien artean loturaren bat ote dagoen, alegia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!