Hori Bai, gaztetxe beteranoena

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2015ko api. 14a, 13:11

Lehen argazkian zazpi neska-mutil oso gazte aurreko aldean 2002ko Gazte Eguna iragartzen duten kartelak dituztela; bigarrenean beste dozena erdi bat gazte harrizko paretak konpontzen; hirugarrenean adineko gizon bat eta neska gazte bat atzean hainbat kartel dituztela: Korrikakoa, presoenak eta abar; laugarrenean bi gizon gazte solasaldian: literaturaz, argazki oinak dioenez; bosgarrenean, kontrapikatuan hartutako irudian, etxe baten fatxada, leihoan ikurrina eta ate gainean egurrean zizelkatutako letrero naif samarra: Hori Bai Gazte Elkartea dio idatziak.

Sumatuta nengoen aspaldi Larrabetzun sekulako kultur saltsa egosten zela: orain puntako kontzertua, hurrena literaturako jardunaldiak, erakusketak… Ainhoa Larrabek idatzitako erreportajeak erakusten du giltza: duela 50 urte sortutako Hori Bai Gazte Elkartea, “Euskal Herriko gaztetxerik zaharrena”.

Hori Bai elkartearen historia liburukoa da: 1965ean gazteek sortua, herriko abadeak aterpe emanda; hainbat herritan jaio ziren halako elkarteak garaitsu hartan. Larrabetzukoa ezberdin egiten duena gaur egunera arte iraun izana da, aldian aldiko kezka, arazo, ekintza eta estiloei jarraituz: frankismo garaiko ernatze politikoa, ikastolak, 80ko hamarkadako gaztetxeen uholdea… Gazte -eta herri- mugimenduaren bilakaera biltzen du Larrabetzuko elkarteak 50 urteko historian. Hau bai museo zinez bizia!

Elixabete Garmendia

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!