Carlos Mugiro

Erabiltzailearen aurpegia Fermin Erbiti 2017ko api. 27a, 12:34

Kazetaritzako lehen kurtsoan elkartu ginen 200 ikasleen artean denetarik zegoen. Batzuek argi zuten Kazetaritza maite zutela; gehienak, ordea, bizitzaren mentura itsuak eramanak zituen hara: beste ikasketen artean deus interesgarriagorik ikusi ez… eta Kazetaritza.

Banaka batzuen erabakiaren arrazoia bitxia zen: pasio bat zuten, baina orduko Unibertsitateak ez zuen hura asetzeko paradarik ematen. Horietako bat zen Carlos Mugiro elizondarra. Haren pasioa zinea zen eta mundu horretan bizitzea zuen amets. Aldez aurretik idatziriko gidoiari jarraituz, afizioari leial segitu zuen unibertsitatean eta ikasketak amaituta ere. Zinea Kazetaritzarekin uztartuz hasieran, bide bakartzat hartuz ondoren.

Gaur, egunkaria zabaldu eta haren argazkia ikusi dut, Donostiako Zine Eskolako zuzendari izendatu dutelako. Poz handia hartu dut. Gizon umil, atsegin eta argia delako, batetik; eta, bestetik, ederra delako frogatzea, oraindik ere, urtetako lan txukun eta isila berme ona dela ametsetan aitzina egiteko. Baita zinearen mundu zailean ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!