Jazz-aren eredua, politika berrirako ere egokiena

Erabiltzailearen aurpegia Fermin Erbiti 2015ko api. 30a, 12:37

Azken egunetan bi kontzertutara joan naiz: jazz kontzertu batera ostiralean eta orkestra sinfoniko baten emanaldira herenegun.

Bi kontzertu oso ezberdinak, jazz taldeek eta orkestra sinfonikoak ez baitute zer ikusirik.

Jazz emanaldietan musikariak maila berean daude, aske ibiltzen dira oholtza gainean, batetik bestera mugituz, zuzendari eta partiturarik gabe. Melodia oinarritzat harturik, baina aldaketak eginez, inprobisazioari tarte zabala utziz eta, beti ere, kontzertu errepikaezinak eskainiz.

Oskestra sinfonikoa kontrakoa da. Zuzendaria da agintari nagusia, eta haren esanetara makurtzen dira musikariak. Guztiek partiturari ahalik eta zintzoen segitu behar diote: nota, iraupena, isiluneak… Hor ez dago inprobisaziorako tarterik, den-dena idatzirik dagoen bezala jotzea baita arrakastaren gakoa.

Koldo Saratxagak dioenez, enpresa eredu berriak Jazzaren aldeko apustua egin behar du, dena horizontalagoa izan dadin, hori baita langileak motibatzeko modu bakarra.Partitura gutxiago eta inprobisaziorako tarte handiagoa, beraz. Hori omen da enpresa eraginkorragoak lortzeko bidea.

Enpresan ez ezik, politikan ere jazzaren eredua kontuan hartzeko garaia heldu dela iruditzen zait. Eredu askoz horizontalagoa, askeagoa, partiturarik gabe. Izan ere, batzuei kontrakoa iruditu arren, obra idatzi gabe dago. Guztioi dagokigu hori.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!