Eredua aldatzen segitu beharko

Erabiltzailearen aurpegia

Komunikatzeko gaur egungo moduekin igorri dit argazkia lagunak. Azpian lotura bat eta loturak anuntzio bat. Lehen telebistan ikusten nituen anuntzioak, orain telebistan ez bertze, nonahi.
Jatorria eta osagaiak argi erraten ez dituen jaki horietako baten anuntzioa da eta lehendabiziko ikustaldian, irri egin dut. Argazkiko jatetxea emakumez betea dago, beren menua eskatzen zerbitzariari. Konparazione: “gaur ez naiz haurrak biltzerat ailegatu, beren aitak egiten ahalko du doike!” edo “ximurrak atera zaizkit eta berdin zait”.Postrerako “ez dut bikoterik, ez dut haurrik nahi eta futitzen naiz” eta abar.
Presio sozialak bulkatzen duen emakumeen ereduen kontra dira platerak, emakume eredu berrien alde egiten omen du anuntzioak. Hori bai, denak klase ertainekoak, meharrak eta xuriak.
Tira! Zer nahi duzue? Anuntzio bat da eta marketinak anuntzio eredua aldatu badu ere (esker mila), saltzeko aldatu du. Marketin arduradunaren lana horixe baita, salmenta goratzea. Hori bai, mugimendu feminista ailegatuko ez den tokietara ailegatuko dela, segur! Eta orain artioko anuntzioak baino nahiago ditudala holakoak, ere bai.