Muga bakar bat ere ez, faborez

Erabiltzailearen aurpegia

Gaurko argazkia hautatzeko zailtasunak izan ditut. Ez nekien larunbatean Elizondon izan genuen Aroztegiako proiektuaren kontrako manifestaziokoa ekarri edo atzo Baigorrin ospatu zen Nafarroaren Egunekoa. Biek ere barnak mugitu baitizkidate. Eta ohartu naiz biak behar ditudala mugitu zaidan hori kontatzeko, eta biak hautatu ditut: jendez gainezka dauden bi argazki.
Atzoko Nafarroaren Egunean mugarik gabeko Nafarroa aldarrikatu zuen harat hurbildutako jendeak: Nafarroa bakarra, mugarik gabekoa, separatismorik ez erraten zuen kartelak.
Larunbatekoa ere halatsu: mugarik gabeko Nafarroa. Hau da, Nafarroako Gobernuak baztandarrei paratu digun mugarik gabekoa, ematen baitu hainbertzetan aldarrikatu dugun aldaketa, Baztanerat ailegatzeko arazoak dituela, mugak.
Izpegikoa muga administratiboa da, baina lausoa, goiti eta beheiti aise ibiltzen gara, eroso. Belatekoa berriz, ofiziala ez, baina indarra hartu du azken hilabeteetan.
Hori ote zen Nafarroan eman behar zen aldaketa? Muga Izpegitik desagertu eta Belaterat mugitzea?