NORBANAKOEN AKTIBAZIOAN URRATS GARRANTZITSUAK EMATEKO ERABAKIA HARTU DU EHEk.

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Herrian Euskaraz 2015ko urr. 22a, 14:19
Iragan asteburuan, Arrasaten egindako Nazio Batzarrean hala erabakita, bide horretan eragiteko “Izan, egin, eragin; euskal herrian euskaraz” hausnarketa-prozesua lehentasuna izango da aurtengo ikasturtean.

Euskal Herrian Euskaraz erakundearen 30.urtemugan argitaratutako dokumentalaren izenburuarekin izendatu du eragile euskaltzaleak martxan den gogoeta. Urtemuga hartatik, hainbat izan dira norbanakoen aktibazioa bultzatzeko egindako ekimenak, betiere “euskaldun izatearen harrotasunetik, euskaraz bizitzeko hautua egin eta euskaraz biziko den herriaren alde eragiteko” asmoarekin.  Alta, “ekinbide horretan eraginkorrago aritzeko garaia dela” esan dute EHEko kideek eta, zentzu horretan, hausnarketa-prozesua indartzeko erabakia hartu dute.

Nazio Batzarrean adostutakoaren arabera, “barne mailan abiatu dugun jarduna ireki eta prozesu parte-hartzaile baten bitartez ekarpenak jaso nahi ditugu aurten”. Prozesuaren faseak diseinatu, garatzeko modua aurreikusi eta horretarako beharrezkoak izango diren tresnen zerrenda prestatu zuten Arrasaten. 2016ko urte amaiera jo dute gogoetaren ondorioak praktikan jartzeko epemuga gisara.

Dinamikak aurrera

Hausnarketa-prozesua lehenetsiko duten arren, ez dute aktibazioaren helburua gauzatzeko aukerarik bazter utziko eta, areago, prozesuarekin uztartzeko zenbait puntu adostu dituzte 2015/2016 ikasturterako:   

Herrietako dinamiketan eta berauekin abiatutako lanekin arduratsuago indar egitea. EHEko kideen hitzetan, “herrietan zabalik ditugun ildoek zenbai fruitu eman dute urteotan, eta hauek baliatu nahi ditugu, hain zuzen ere, hausnarketak berak aurrera egin dezan”. Herrietako sareak garrantzitsutzat jo dituzte EHEko kideek, izan ere, “herri euskalduna, euskal hiztun komunitatea aktibo egon dadin ezinbestekoa da aldaketa sozial, politiko zein juridikoak eragingo dituen sarea osatzea”.

Gorago aipatutakoa “euskaltzaleak aktibatuz baino ezin da lortu” EHEren arabera eta, horri begira, inflexio-une esanguratsua kokatu dute egutegian: “Euskararen alde egotetik alde egitera jauzi egiteko deia egingo diegu herritarrei abenduaren 3an, euskararen egunarekin bat, antolatuko dugun ekimen bereziarekin”.

Bide berean, sakonago jo nahi dute ekintzaile euskaltzaleek: “TELP ikastaroen sortzaile den Gemma Sanginesekin elkarlanean, hizkuntza-aktibismorako sortu dugun tailerra abian jarriko dugu lau herritan, esperientzia pilotu gisara. Euskaldun aktiboak bildu nahi ditugu, baliabideak eskainiz, modu kolektiboan aldaketak eragiteari begira jardun dezaten”.

Bestalde, azken urteotan egin moduan, jaia eta aldarrikapena uztartuko duen Euskaraz Bizi Eguna antolatu dute. Ikasturte honetan, Apirilaren 16an burutuko da.

EHEko kideen hitzetan, “urte garrantzitsua izango da aurtengoa, EHEren ibilbidean inflexio-une esanguratsua. Sinetsita gaude helburuei begirako praktika eraginkorragoa garatzen asmatuko dugula”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!