Euskararen tresna estatugintzarentzat, estatuaren tresna euskararentzat

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko eka. 26a, 08:59
'Euskara naziogintzaren eta estatugintzaren erdian' jardunaldiak Iruñean. Iñigo Uriz / Argazki Press

Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian jardunaldien lehen saioa egin dute Iruñean, UEUren eta Jakin-en eskutik. Estatugintzan eta herrigintzan euskarak duen eta izan behar duen pisua, lekua eta abar izan dituzte eztabaidagai, Iruñeko Katakrak-en.

 
Goizeko bederatzietan hasi dira, Iruñeko Katakraken,Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdianjardunaldiak. Joxe Azurmendi pentsalari eta idazlearen sarrera hitzaldiak eman zien atzo hasiera jardunaldiei.

Goizeko saioak gogoeta luzagoetarako aukera eman zuen, baina arratsaldean piztu zen hizlarien arteko eztabaida. Euskal estatu feministaren aldeko defentsa egin zuen Jule GoikoetxeaEHUko irakasleak, soilik hark inposa dezakeelakoan berdintasun sozioekonomikoa. Hain zuzen, euskarak estatu propioa behar duen izan da hizketagai. Julen Arexolaleiba soziolinguista eta HUHEZIko irakaslea: "Orain arte egin ez den zer egin dezake euskal estatu batek?".

Joxe Manuel Odriozola idazleak nabarmendu du "euskalduntasuna sortu eta birsortu duen herri bat" dela Euskal Herria, eta haren eginkizun "behinena" euskalduntasuna berreskuratzea dela.

Goizeko hitzaldian aipatu baditu ere, arratsaldeko mahai inguruan eman ditu argibide batzuk Mario Zubiaga EHUko irakasleak. "Euskara elementu objetiboa izanik, politikaren baitan dago bere iraupena edo desagerpena". Zubiagak nabarmendu du "euskal" nazioaren bilakaera "euskal" kontzeptuaren definizioaren araberakoa izango dela, eta hori ez dela inoiz finkoa. Zenbait arrisku aipatu ditu; horien artean, arrisku "estatizista" —euskarak estatu bat beharrezkoa duela dioen baieztapena—. Zubiagaren ustez, kezka ez da euskarak estatu bat behar duen, baizik eta estatugintza prozesuan euskarak "ezinbesteko kate maila gisa" egon behar duela. Mario Zubiagaren hitzaldia:

 

Erdaldunak euskarara erakartzeaz hitz egin da sarri, eta euskararen erakargarritasunaz jardun du Koldo Izagirreidazleak. Ironiaz hitz egin du: "Euskarak literaturarekiko ezintasuna zuen; gero, zientziarekiko; orain, erakargarritasunarekiko". Gaztelaniarekin eta frantsesarekin alderatu ditu: "Euskarak ezin du gaztelaniaren eta frantsesaren balioa izan hizkuntzen burtsan. Kapital pobrea da gurea".

Herria eta hizkuntza

Xan Aire kazetariak Iparraldean euskarak duen egoerari erreparatu dio. Ikastolak, tresna izateko sortuak izanik, helburu bilakatu direla nabarmendu du: "'Herria eta hizkuntza'-n aritu ordez, 'herria da hizkuntza'-n ibili gara". Euskal Herriko Laborantza Ganbera ere ahotan izan du, eta kritikatu bertan frantsesez egiten dutela dena: "Nazio kontuek ez dute tokirik".

Joxe Azurmendi filosofo eta idazleak nazioaren kontzeptua eta euskal nazioa ulertzeko erak izan ditu hizpide. Nazioa komunitate linguistikoarekin lotu du Azurmendik; prepolitikotzat eta naturaltzat jo du. Ildo horretan, kritiko azaldu da nazio politikoa eta kulturala bereiztearekin: "Nazio eta hizkuntza denak dira nahasiak". Zerk egiten gaitu euskaldun?izenburu zuen artikulua idatzi zuen Jule Goikoetxea EHUko irakasleak BERRIAn, eta erantzun "subalternitateak" egiten dituela euskaldunak euskaldun. Bestela uste du Azurmendik; aldarrikatu du "zirkunstantzia guztietan" dela euskalduna.Bideoa: aurkezpena eta Joxe Azurmendi eta Alaitz Aizpururen hitzaldiak (Lara Madinabeitia / Berria TB).

1960ko hamarkadaz eta ETA nahiz Enbataren sorreraz jardun duAlaitz Aizpuru ikerlariak. Lorea Agirrek Korrika amaieran irakurritako testua adibide gisa aipatuta, Aizpuruk ez ditu urrun ikusten garai hartako gogoetak eta gaur egungoak. Hark gogorarazi du Ipar nahiz Hego Euskal Herrian gogoeta komuna zutela; herri burujabeek eutsi diezaiokete hizkuntzari: "Hezur-haragizko gizaki bat ezin da unibertsala izan; guztiok gara testuinguru jakin baten kume".

UEUk eta Jakin aldizkariak elkarlanean antolatu dituzten jardunaldiak dira, Herria, nazioa, estatua... eta euskarekin zer?izenburupeko azken Jakin-en zenbakiak jaso dituen hausnarketekin segitzeko helburuz.

Azken urteotan pil-pilean dagoen eztabaida bati eskaini dio aldizkariak azken zenbaki hori: euskaraz eta naziogintzaz ari baitira Alaitz Aizpuru, Haritz Garmendia, Koldo Izagirre, Unai Apaolaza, Joxe Manuel Odriozola, Jule Goikoetxea, Eduardo Apodaka eta Idurre Eskisabel.

Jon Olano

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!