Santiago Cervera:"Nafarroan espezialista zirenek hondamendira eraman dute"

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2015ko api. 7a, 09:26
Santiago Cervera irudian. Argazkia Idoia Zabaleta, Argazkipress.

2012ko abenduan Guardia Zibilak atxilotu zuenean "kolpean" bizitza aldatu zitzaion Santiago Cerverari. Berriak gaur paperean argitaratu duen elkarrizketaren bertsio luzea da hau.

[Elkarrizketa Berrian]

2012ko abenduaren 10ean, Guardia Zibilak Santiago Cervera (Iruñea, 1965) atxilotu zuen Iruñeko harresietan. Bere garaian, Rajoyren gobernuko ministro izateko zerrendetan egon zen, eta Kongresuan ere nabarmendu zen PPko diputatuen artean. Kolpean, ustezko xantaia kasu baten erdian ikusi zuen bere burua, komunikabide guztien fokuen pean. Forudun izaerari uko eginda, dimisioa eman zuen, eta defentsan jarri zuen indar guztia. Nafarroako Kutxako presidente ohi Jose Antonio Asiainek xantaia egin izana egotzi zion, baina Cerverak tranpa bat jarri ziotela esan zuen hasieratik. Ahozko saioa ekainaren 1ean hasiko da.

Nolakoak izan dira bi urteok zuretzat?

Alde batetik, kasuaren instrukzioa dago. Hasieratik, nire asmoa izan da justiziaren lana erraztea eta, ondorioz, epaileak urte eta erdiz egindako instrukzioari trabarik ez jartzea, baina, nire ustez, neurrigabekoa izan da. Bestetik, arlo profesionalari dagokionez, lanbidea topatu behar izan dut, eta arlo pertsonala zein familiarra berrosatu behar izan dut, hainbat gorabehera direla kausa. Urte gogorrak izan dira, baina hasieratik argi nuen jakin behar nuela gertatzen ari zitzaidana arlo pertsonalean kapitalizatzen. Bizitzan horrelako zerbait gertatzen bazaizu, ulertzen jakin behar duzu; barneratu eta zailtasunetatik sendotasuna ateratzeko gai izan behar duzu.

2008an politikara itzultzea erabaki zenuen, eta 2012ko abendu hartan, harresiko atxiloketaren aurretik, politikaren gailurrean zeunden, edo handik oso gertu Espainiako PPren egitura barruan. Kolpea gogorra izan al zen?

Espainiako Kongresuko Mahaian nengoen, eta nire asteroko jardueran, diputatu baten ohiko lanetik harago, ganberaren kudeaketari lotutakoak ere banituen. Logikoa denez, gogorra da egun batetik bestera, auto ofiziala izan ondotik, prozedura judizial bati aurre egin behar izatea, inongo babes politikorik gabe. Bere garaian berehala dimisioa ematea erabaki nuen, eta ez zait batere damutu.

Ohiko bihurtu da inputatuak izan daitezkeen politikariak forudun izaeran babestea. Zuk, ordea, nahiago izan zenuen horri uko egin. Agian, ez dizu balio izan instrukzioari begira, baina bai, ziurrenik, iritzi publikoari begira.

Bai, hala da, baina badakizu zer gertatzen den? Kongresuan nengoenean, batzuetan etortzen ziren bisitan ikastetxeetatik edo unibertsitateetatik, eta hura erakusten nienean, askotan egokitzen baitzitzaidan, azaldu ohi nien ideia batzuengatik aukeratuak izan ziren 350 pertsona esertzen zirela han baina gutako bakoitzak ohore bat zuela. Zure ohorea auzitan jartzen dutenean, niretzat automatikoa da berehala dimisioa aurkeztu behar izatea. Beste gauza bat da ziurrenik, dimisiorik eman ez banu, gai hau Gorenak hartuko zuela bere gain, eta lau hilabeteren buruan artxibatu egingo zuela. Ez dut esan nahi Gorena politikariekin onberagoa denik: esan nahi dut ez zuela merezi urte eta erdiko instrukzio bat hemen, Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegian.

Denbora luzez uko egin diozu elkarrizketak emateari eta jendeaurrean hitz egiteari. Zergatik?

Instrukzioak iraun zuen bitartean, isilik egotea erabaki nuen, uste bainuen justiziarekin elkarlanean aritzea zegokidala. Hori egiteko modu bat zen nire iritziak ez plazaratzea epaitegitik kanpo. Behin instrukzio hori amaituta eta ikusita ez dela aurkitu inongo loturarik nire eta ikertutako mezu elektronikoen artean, epailearen aurrean eserarazi naute, eta orain prest nago edozein komunikabidek egindako galderei erantzuteko.

Instrukzioak urte eta erdi iraun zuen. Fermin Otamendi epaileak iazko martxoan kaleratu zuen ahozko saioa irekitzeko autoa. Hasieran, abenduan egitekoa zen, baina, azkenik, ekainaren 2tik 5era egingo da, hauteskundeen ostean. Zergatik hainbeste denbora? Interpretazio politiko bat egin daiteke?

Konparazio bat egingo dut. ASFI auzian dozena erdi auzipetu daude, 50 kaltetu inguru, eta akusazio gisa aurkeztu dira; auzia oso korapilatsua da, eta niri egotzitakoa baino delitu larriagoak daude. Nirearen ondoren hasi zen auzia, eta jada ikertua eta epaitua dago. Norberak atera dezala nahi duen ondorioa. Neure buruari galdetzen diot ea auzi honek urte eta erdiko instrukzioa behar duen eta beste urtebete epaiketaren zain egon behar duen. Ziurta dezaket instrukzio epaileak nahi izan dituen baliabideak izan dituela; ez da hori arazoa, baizik eta instrukzioan tematu dela.

Hasieran bai, hasieran izan zenituen zalantzak epaile horrekin. Oraindik ere badituzu zalantza horiek?

Nik ezetsi egin nuen, adierazpen batzuetan hitzez hitz esan zuelako politikarekin eta politikariekin gogaituta zegoela. Nik, jakina, iragan bat nuen; arbuio hori ez zen onartua izan, eta hari egokitu zitzaion instrukzioa amaitzea.

Esana duzu epaileari lana erraztea izan dela zure estrategia. Hala ere, instrukzio epaileak, ahozko saioa irekitzeko autoan, karguei eutsi eta zure aurkako hamar zantzu aipatu ditu. Zantzu horiek badira nahikoa sendoak akusazioari eusteko, ala, zure ustez, epaileak bere instrukzioari eutsi nahi izan dio?

Ez, kasu batzuetan ez da ezta zantzu bat ere. Adibidez, epaileak dio nik ez diodala esan nork jarri zidan tranpa. Hori hark esan beharko lidake, Polizia judizialaren baliabideak dituelako eskura. Nire ustez, beste batzuk ere ez dira zantzuak. Nik esan dezakedanaz gain, hor dago fiskalak dioena. Epailearen proposamena aztertu, eta zantzuak banan-banan desegin zituen. Horregatik eskatu du auzia artxibatzeko. Nik ez dut ezagutzen, eta Iruñeko abokatuek hala baieztatu didate, ez dutela ezagutzen halako kasu bakar bat: zigor arloan epaiketara joan, eta fiskalak artxibatzeko eskatzea.

Tira: Egunkaria auzia, adibidez.

A, bueno. Fiskalak beste txosten batean azaldu du Asiainek salatutako ustezko xantaia ez dela mehatxu, haren semeak Nafarroako Kutxarekin zuen jarduera profesionala jendaurrean ezagutarazi beharreko informazioa zelako. Fiskalaren irudiko, ez da ezta delitu ere.

Zuretzat fiskalaren jarrera hori garrantzitsua bezain lasaigarria da?

Bai, nik uste dut, gainera, fiskalak inpartzialtasunez jorratu duela gaia, eta irizpide juridikoen arabera. Nik espero dut inpartzialtasun bera izango duela epaimahaiak.

Azaldu duzu instrukzio epaileak ez duela frogatu tranpa nork jarri zizun. Akusazioek zure erruduntasuna frogatu ordez, zure errugabetasuna demostratzeko tenorean zaude?

Bai; nire kasuan, bederen, bai. Egin zidan azken galdeketan, eskatu zidan "nor izan zen" esateko. Eta nik erantzun nion: "Zuk esan beharko didazu, zuk baitituzu bitartekoak". Hain da zitala, errugabetasun printzipioa urratzen du. Auzitegian prozeduraren aurkako errekurtsoa aurkeztu nuenean, arrazoitu nuen prozedura honek zuzenbide sistema galbideratzen duela. Errugabea naizela frogatzera behartzen nau, eta alderantziz beharko luke.

Epaiketa ekainean egiteak badu zerikusirik hauteskundeetan gaiaz ez hitz egin behar izatearekin? Azken finean, atzean Nafarroako Kutxaren galera dago.

Badago epaiketa eguna justu hauteskundeak egin eta astebetera izatea halabeharrezkoa ez dela uste duenik. Zalantzarik gabe, epaiketan azalduko dut zergatik agertu nintzen harresietan, zergatik jarri zidaten tranpa. Auzi saioan, politikoki garrantzitsuak izan daitezkeen kontuak atera daitezke. Gainera, lekuko gisa deklaratuko dute Asiain jaunak, Goñi jaunak, Asiainen semeak… eta zirkunstantzia zehatzei buruz galdetuko zaie.

Fokuen pean zu zaude, baina oharkabean pasatu da ustezko xantaiaren jatorria. CANeko kontseilari eta presidente ohiaren semeak Nafarroako Kutxarentzat hipoteken exekuzio espedienteak egiten zituela eta fakturazioaren zenbatekoa ez dela orain arte esan. Asiainek, bere garaian, argudiatu zuen ez zuela loturarik bere semearen abokatu bulegoarekin, baina helbide bera dute bere abokatu bulegoak eta semearenak.

Epaiketari begira garrantzi gutxikoa da, baina, fiskalak dioenez, eta nik bat egiten dut harekin, Asiainen seme den abokatu horren jarduera nahikoa gardena bazen ez dago mehatxurik, zeren eta: nola mehatxatuko duzu inor, aski ezaguna den gai baten inguruan? Beraz, epaiketan ikusi beharko dugu zer jarduera ziren horiek, nortzuek zuten haien berri, CANeko zaintza organoei jakinarazi al zitzaien. Hala, aintzat harrarazi ahalko dut Asiainek jasotako mezua benetan mehatxua ote den. Fiskalaren arabera, ez da mehatxua, edo ez delitua izateko nahikoa.

CANeko kontseilariek gobernu onaren printzipioen arabera jarduten zuten, ustez, baina ez da ezagutarazi CANeko presidente ohiaren semeak zenbat diru fakturatu zuen.

Banca Civicak, adibidez, kode bat zuen, eta behartuta zegoen CNMV batzordean balizko interes gatazken berri ematera. Auzia ez da niri interesatzen al zaidan Asiainek jasotako mezua egia den edo ez, baizik eta jarduera horrek publiko izan behar zuen eta zergatik ez zen izan. Hori ez da delitua. Nire defentsa lerroa da.

'DIARIO DE NAVARRA'-Z

Berriki, eskuineko konfidentzial batean artikulu bat idatzi duzu: Ya vale Cordovilla (euskaraz, Aski da Cordovilla). Diario de Navarra egunkariak iradoki berri du zuk igorri zenituela xantaia mezuak; hori ikusirik, artikulu horretan egunkariaren eta aurrezki kutxaren arteko loturak azaldu dituzu. Jakina da CANek 16 milioi euroko mailegua eman ziola Diario de Navarra-ri Vocentoren akzioak erosteko; jakina da Luis Colina, egunkariaren enpresa editore La Informacion SAko zuzendari nagusia, CANeko kontrol batzordeko kide zela; jakina da Bañon Irujo anaiak La Informacion-eko kontseilari eta korporazioko goi kargudun zein CANen enpresetako kide zirela. Zer rol jokatu du egunkariak?

Nik nire ohorea defendituko dut, bai epaimahaiaren aurrean, bai iritzi publikoaren aurrean. Ez dut onartuko egin ez dudan delitu bat egotzi nahi izatea inork, edo inork auzitan jartzea beti gauzak zintzotasunez egin nahi izan ditudala. Artikulu horrek bere hartan jaso zituen Asiainen akusazio guztiak, baina ez zuen duintasunik izan gertaeren nire bertsioa jasotzeko. Gainera, amaitu dira epelkeriaz jokatzeko garaiak. Diario de Navarra eta hura argitaratzen duen enpresa partaide ziren Nafarroako Kutxa galbidera eraman duen interes sarean. Gertaera batzuen inguruan ez dago zalantzarik: zuzendariak eta negozioak partekatu dituzte. Kontua jada ez da aurrezki kutxa batek komunikabide bati publizitatea jarri diola edo faboreren bat egin diola. Gauza beraren parte izan dira. Enpresa bakoitzak egin dezala nahi duena, baina Nafarroako Kutxaren galera espoliazio sozial bat izan da, eta, niretzat, gogorrena da ikustea espoliazio hori ez zela posible izango lurraldeko lehen egunkariak ikuspuntu kritiko bat izan balu eta nafarren interesen alde egin izan balu. Alderantziz, erabaki zoro batzuen propaganda egin dute, eta gure autogobernuaren erreminta garrantzitsu bat galarazi digu.

Diario de Navarra-k, gainera, ikerketa batzordearen aurka egin du.

Deigarria da. Parlamentuak ikerketa batzordea abian jarri zuenean, egun batean lau artikulutan ikerketa batzordearen aurka azaldu ziren, eta PSNko idazkari nagusiaren aurka joz, iritzia alda zezan. Deigarria da Mendebaldeko komunikabide bat, bere lurraldean erreferentziazkoa den egunkari bat, zerbait ezagutaraztearen aurka azaltzea. Orain gauza orokorrak dakizkigu, baina ezaugarriak jakiten ditugunean, asko oso gaizki aterako dira.

Artikuluan, CANek bultzatutako Diario de Navarra-ren enpresa bat aipatu duzu: Brandok. Enpresa horrek egin zuen zure kasuaren jarraipena.

Egunkariak sortu zuen; nire ustez, lehiaren oinarriak urratuz. Komunikabideen agentzia bat izan nahi du, Iruñean 40 agentzia izanik, eta bere funtzioak egunkariaren informazio funtzioekin nahasten ditu. Badakit agentzien eta kazetarien profesionalen artean ezinegon handia dagoela, bere diru sarreren arabera Diario de Navarra-ren iritzia eta informazioaren kudeaketa baldintzatu ditzakeelako. Hori argi eta garbi esan dezaket. Nafarroako Kutxarena argi dago. CANek zerbitzu batzuk kontratatu zituen, eta nire inguruko gertaeren kudeaketa bat egin zuen. Ziurrenik, itsasoko tanta bat baino ez dira. Horren berri izan nuenean, eskaera egin nion CAN fundazioari Brandokek egindako jarraipen txostenak igortzeko, eta kazetaritzako iruzkinez betetako artxibo bat igorri zidaten. Bere akusazioan, atxilotu eta gutxira nik komunikabideei egindako adierazpenak erabili ditu Asiainek estrategia moduan, ikusarazteko kontraesanen batean erori nintzela. Logikoki, edonork pentsa dezake kontratu horren laguntza baduela.

Asiainen akusazioak eta Diario de Navarra-ren jarrerak aditzera ematen dute zu harrapatzeko gogoa dutela, mendeku gose direla?

Interes batzuk dituzte, eta horiek babestu behar dituzte. Azken hamarkadetako foru erkidego honetako eskandalu eta laido handiena da, eta orain niri egokitzen zait ordaintzea, askori komeni zaielako ustezko xantaia baten erruduntzat jotzea, beste gauza batzuei buruz hitz egin ez dadin. Orain dela lau urte, Diario de Navarra-ko zuzendariarekin eta ekonomia arduradunarekin bildu nintzen, eta, Banca Civica burtsara atera bezperan, ohartarazi nien operazio harekin erakundea dirua galduz salduko zela. Nafarroako aberastasunaren aurkako erasoa zela uste genuenon iritzia jasotzeko eskatu nien, baina hauteskunde garaia zela erantzun zidaten eta, nire iritzia emanez gero, atzetik besteak zetozela; azkenean, gaia ez zela argituko. Nire ustez, egitez zein omisioz, Nafarroako gizarteak kritikoki epaitu ez izanaren erantzule nagusiak dira.

NAFARROAKO KUTXAZ

Aipatu duzu 2011ko uztailean burtsara atera zenekoa, baina urtebete lehenago, jada, Europako estres azterketatan kale egin zuenean lehen alarma gorriak piztu ziren.

Hiru fase daude. 2010eko uztailean estres azterketetan kale egin zutenean, asko hasi ziren ohartzen zer gertatzen ari zen. Ordura arte, esaten zuten CAN-Banca Civica Espainiako erakunde sendoenetakoa zirela, eta ikusi da ez zela hala. Arazoa izan zen Goñik ordurako kudeaketa aldatu behar zuela. Europaren ohartarazpena bazuten, baina, hori egin beharrean, aurreranzko ihesean jarraitu zuten. Gizon horrek hegazkinak pleitatzen jarraitzen zuen, bere jakintsuak Savialogos jardunaldietako gau jaietara ekartzeko, bere loriarako. Orduan, administrazio desleiala egin zuten zuzendaritzak eta hura kontrolatu behar zuen administrazio kontseiluak.

Bigarren fasean, burtsaratzea etorri zen, eta salmenta okerra etorri zen. Oso merke atera zuten merkatura, eta orduan gertatu zen espoliazioa. Hirugarren fase bat dago: Caixabanken erreskatea. Oraindik ere xehetasun batzuk ez dira jakinak. Zergatik Caixabank? Zein baldintzatan? Zergatik erraztu da pertsona batzuk kontseiluetan egotea: adibidez, zergatik Asiain da Criteria holdingeko ordezkaria? Zergatik dago bertan Enrique Goñi?

Hasieran, komentatzen zen Isidro Faine Caixabankeko presidenteak paretik kendu nahi zuela Goñi, baina justu kontrakoa gertatu da… Banca Civica erreskatatzeko fase horretan, Caixabankera jo zuen hasieran. Baldintza batzuk jarri zituzten mahai gainean, eta gero beste bazkideen bila hasi ziren: Unicaja, Ibercaja… Atea itxi zieten, eta orduan merke ez: are merkeago erosi zuten. Egia da Caixabankek bere gain hartu behar izan dituela 1.000 milioi euroko mailegu bat eta beste hainbat doikuntza ezohiko. Orduan, erreskatatzeko une horretan jabetu ziren zer-nolako hondamendia eragin zaion aurrezki kutxari. Azkenean, Caixabankek bulego sare bat erosi zuen oso merke.

Oso ezohiko doikuntzak izan ziren, eta horrek aditzera ematen du edo oso gaizki aukeratu zituela bere bazkideak, edo CANek berak kapital behar handiak zituela…

Zergatik ordaintzen zaio zuzendari bati soldata milioiduna? Arrazoi bakarrarengatik: ordaintzen zaio bisioa izan dezan; ez zaio ordaintzen kudeaketa kontuengatik. Pertsona horiek, orain ere, finantza tsunamiari botatzen diote errua, krisiari. Zentzugabekeria erabatekoa da, gainera, zer zetorkien ikusirik ez zutelako jakin erakundea sendotzen; alderantziz, Kataluniako taldearen eskuetan utzi zuten.

Berriki EAEn zalaparta piztu da, Kutxabankeko presidenteak soldata bikoiztu duelako 700.000 euroraino; CANen, hamarkada bat lehenago, Enrique Goñiri kontratua blindatu zioten, eta milioi bat euroraino handitu. Zer gauzak! Ez al du aditzera ematen zer-nolako gehiegikerietan zebiltzan?

Izugarria zen. Lurraldeetako aurrezki kutxak ziren, eta Espainiako finantza arazoen konponbidea omen zirenak hor agertzen dira Madrilen, denak bere BMW 750 autoan, eta bankari izatera jolastuz. Jokabide horrek eragin ditu ondorio guztiok.

Madrilgo botere zirkuluen eta Nafarroako Kutxaren artean badira konexioak.

Bai, egon dira erlazioak Banca Civicaren sorreraren, Espainiako Bankuko presidente Miguel Angel Fernandez Ordoñezen eta aholkularitza zenbaiten artean. Adibidez, Asesores Financieros Internacionales AFI eta Intermoney. Horiek guztiak alderdi sozialistaren orbitan daude, eta erabakigarriak izan ziren Banca Civicaren azken bazkidea Cajasol izan zedin. Cajasolek Andaluziako botere ekonomiko politiko sozialista guztia bereganatzen zuen, eta hori ez da kasualitatea. Bizirik irauteko helduleku bat behar zuen Cajasolek, eta hura Banca Civicari egokitu zioten. Eta, orduan, erabateko hondamendia etorri zen.

Bai, Banca Civicako lau aurrezki kutxen artean egoera okerrenean hura zegoelako, eta finantza sistema ezagutzen zuen orok zekien hori.

Bai, baina bada beste datu bitxi bat. Banco Madrid, Venezuelako eta Txinako delitu operazioetan lortutako dirua zuritzeagatik esku hartua izan den bankua. Presidentea Jose Perez zen, aurretik Intermoneyko bazkide izandakoa. Perez Enrique Goñiren laguna da, eta Banca Civicaren fusio hotzaren prozesua diseinatu zuen. Era berean, Banca Civicaren nazioarteko kontseiluko kidea zen. Vialogosen, Banca Civicari nazioarteko proiekzioa emateko xedez, argazki ikusgarri batekin aurkeztu zuten kontseilu hura. Gizon hori delitu operazio batzuengatik esku hartua izan den banku bateko presidente zen. Intermoney Nafarroako Kutxaren aholkularitza zerbitzuetarako kontratatu zuten, AFIren modura, eta PSOErekin erlazionatutako interes sare bat osatzen dute.

Bere garaian, 1990ean, Jose Antonio Asiainek eta Miguel Angel Fernandez Ordoñezek idatzi gabeko konpromiso bat hitzartu zuten Nafarroako Kutxaren izaera foruduna blindatzeko.

Nafarroari begira badago gauza larriago bat, eta autogobernuari begira. Banca Civicako gainerako aurrezki kutxek, bat egitea hasi zutenean, bertako gobernuek akordio bidez baimendu zuten: lehenik, fusio hotza, eta gero, balantzeen bateratzea. Nafarroan, hainbeste aipatzen den lurralde forudun horretan, ez zen operazio hori baimentzeko lege agindurik egon. Nafarroako Gobernuak sortu zuen aurrezki kutxa, eta ez zen egon akordiorik. Zergatik? Akordiorik egon izan balitz, legaltasun kontrola behar zen, eta horrek ardurak hartzea exijitzen zuen.

Ernegatzen zaitu Nafarroako Kutxaren auzi honetan guztian, orain, epailearen aurrean zuk eseri behar izateak?

Bai. Nire kontsolamendu bakarra da jendeak sinesten nauela ikustea. Nafarroarentzat hain da larria gertatu dena, eta horixe dut. Epaiketa jasan behar izatea ez diot inori opa, jakina.

"TRANPAZ" eta PP-REN BARNE EGOERAZ

Urte guztiotan, zure autoaren aurkako erasoak salatu dituzu, ordenagailuaren lapurreta eta, aurretik, zure inguruko jarraipen mugimenduak.

Jarraipenak egin zirela egiaztatuta dago. Epailearen eskuetan utzi nituen matrikula zenbaki batzuk, eta estatuaren segurtasun zerbitzuetarako erabiltzen zirela frogatu zen. Epaileak ez zuen jarraipenik agindu…

Tranpa jarri zizutela berretsi duzu. Nork jarri zizun ezin izan duzu frogatu, baina bai hitz egin duzu zirkunstantziez. Zein ziren?

Alde batetik, ni deserosoa nintzen gai honen inguruan. Noizbait esan izan dut. Barcinak esan izan du Nafarroako Kutxa kritikatu zutenek ez zutela sinesten Nafarroan; haren terminologiaren arabera, abertzaleak eta hori guztia. Baina ikuspuntu horretan ni disonantea nintzen. Ez naiz abertzalea, eta, hala ere, pentsatzen nuena plazaratzen nuen, Barcinak aipatutako Nafarroaren ustezko arerio horiekin bat eginez. Nik erreferente izateari uztea oso interesgarria zen batzuentzat, eta, gero, nabarmendu da 2012an PPrekin loturiko zirkunstantzia politikoak zeudela. PP barruko pertsona batek pertsona jakin bat izendatu nahi izan zuen Nafarroarako Poliziako buruzagi nagusi, eta beste hainbat kontu. Nik, Madrilen Nafarroako politikatik urrun egon arren, banuen zenbait kontutan eragin ahalmena.

Pertsona hori Eloy Villanueva da. Pertsona iluna al da?

Bai, ez nuen ezagutzen PPn sartu aurretik, eta alderdiaren alde lan egiteko zegoela esan zidan aurkeztu nindutenean. Orduan ez zidan esan 2002an Juan Luis Sanchez de Muniain eta Maribel Beriainen aurka kartelak jartzeagatik kondenatua izan zela. Gutxienez, nik horren berri izateko eta azalpen gehigarri bat jasotzeko moduko kontuak ziren. Lehen minututik hain gai larrian informazioa ezkutatu zidan pertsona batek zer ez zuen egingo atzetik? Gero jakin nuen Nafarroako poliziaburu izateko pertsona jakin bat izendatzearen alde egin zuela eta horretarako maniobra bat antolatu zuela. Nik gerarazi nuen izendapen hura [Jorge Fernandez Diaz] ministroarekin zuzenean hitz egin ostean. Jabetzen nintzen deserosoa nintzela, Madrilen egonda ere, Nafarroako politikan erne egon gabe.

PP barruko pertsonek kale egin dizute, bai Nafarroan eta bai Madrilen?

Nik uste dut ezetz. Bueno, batzuek bai, eta beste batzuek ez. Merezi duten pertsonek maitasuna eta animoa ematen jarraitu dute, eta beste kontu bat da Cospedal zein haren inguruabar guztia. Niretzat, PPren alde mespretxagarriena da hori. Merezi duena beste alde hori.

PP barruan, makina bat inputatu daude ustelkeria kasu larriengatik. Ruz epaileak salaketa larria egin du PPren beraren aurka, baina Cospedal ez da atera, zure aurka atera zen bezala 2012ko abenduaren 10ean. Zergatik?

Ja, testuinguru batean ikusi behar dugu: zer erlazio zuen Maria Dolores Cospedalek Barcinarekin. Batez ere kontu bat. Duela hiru urte pasa, PPren eta UPNren arteko koalizioaren aurka nengoen erabat. Barcinarentzat salbamendua zen hura, Nafarroan oso egoera zailari aurre egin behar baitzion politikoki. Nire apustua UPNrekin lehiatzea zen, ez UPNren osagarria izatea. Horrek berak ekarri zidan parlamentutik ateratzea, Madrilgo zerrenda osatzea eta Kongresuko Mahaian amaitzea, ondo jakin gabe zer espero zuten nirengandik. Cospedalekin ez dut ez harreman onik, ez irizpide bateraturik.

Egoera horretan, kritiko azaldu zinen Nafarroako Kutxaren galerarekin. Estu hartu zintuzten PPn horregatik?

Bai, noizbait bai. Zapateroren azken legealdian, banku erreformari buruz asko eztabaidatu zen, eta nik ere parlamentu taldeko arduradunekin hitz egin nuen horri buruz. Horien artean zeuden egungo gobernuaren politika ekonomikoko arduradunak. Nire iritzia eman nien, eta egia da Nafarroako Kutxak irudi ona eman nahi zuela. Ez da kasualitatea Goñik Luis de Guindos gonbidatzea bere aholku batzordeetan izateko eta Savialogos jardunaldietara gonbidatzea. Ez da kasualitatea erlazioak egotea Banca Civicaren eta PPko elementuen artean.

CANi jazotakoaren inguruan jarrera kritikoari eusten dio PPk, baina zu atera zinenetik nabarmen leundu da kritika hori. Azken bi urteotan PPk UPNrekin bat egin du, eta, zure ustez, aukera galdu du aurrera egiteko Nafarroan?

Nafarroan PPren buru diren pertsonek nire errespetua merezi dute. Ondo egin nahi duen jendea da; ez dute UPNrekin tratuetan sartu nahi. Baina Nafarroarentzat eredurik ez duen UPNren alternatiba izateko aukera bai, aukera hori galdu du. UPNk ez du proiekturik; Nafarroari ekarpenik egiterik ez dauka jada, eta gauzak ondo egin izan balira, epe ertainera PP aukera liberal eta alternatibo gisa aurkez zitekeen. Noiz galdu zen aukera? Barcinak Rajoyri hauteskunde ituna egitea proposatu zionean 2011ko aurreko hauteskundeetan. Hor galdu zen ikuspuntu liberaleko zentro-eskuineko aukera bat izateko aukera.

EGUNGO EGOERA POLITIKOA

Lourdes Goikoetxearen auzia aztertzean, Idoia Nievesen hasierako salaketaren kolpeari buelta ematen hasi zitzaion Barcina Rajoyren babes esplizitua jaso zuenean.

Bai, Rajoyk babesa eman zion, eta, gero, Alfredo Perez Rubalcabak zentsura moziorik ez egiteko agindu zuen.

Azkenean, PSOEk eta PPk abertzaleen mehatxua baino nahiago dute UPN ez higatzea?

Barcinak badaki erlazio publiko onak egiten Madrilen nahi duena lortzeko. PPren oso gainetik, zentro-eskuineko aukera moduan aurkezten da, eta gero, betiereko istorioa kontatzen du: gotorleku bakarra dela Nafarroa hutsaldu eta Espainia amaituko duten aukeren aurka. Bere interesen alde egin du, bai mediatikoki, bai politikoki. Orain kontatzen didate hautagai izateari uko egin zioenetik jada ez diotela hainbeste deitzen, ez diotela hainbeste kasu egiten. Astelehenean, adibidez, ez zen izan Logroño eta Viana arteko loturaren inaugurazioan, eta beste garai batean inoiz zuen aukera hori galduko… Gauzak ondo atera zaizkio Barcinari.

PPn nekatzen dira UPNko buruzagiak beti Pello artzainaren ipuinean bezala ikusirik, otsoa datorrela abisatzen?

Hori baino gehiago da. Madrilen oso interpretazio azalekoa egiten dute. Ez dago komunikabideak irakurri besterik: abertzaleak etorriko dira, Nafarroa amaituko dute eta gero Espainia, eta hor hautsiko da Espainiaren batasuna. Oso analisi oinarrizkoa da. Nik nire taldekoei esan ohi nien: Nafarroak bost diputatu ditu, eta bakoitza alderdi batekoa da, eta horrek zerbait esan nahi du; hori ez da beste hauteskunde barrutietan gertatzen. Barcinak marraztutako marra lodiak funtzionatzen du, eta gero horrek ondorioak ditu VWen BEZaren auzian, arlo ekonomikoetan, inbertsioetan… 'Ni babesten ez banauzue, Espainia hautsiko da'… hain da gordina, Nafarroa beste termino batzuetan azaltzea asko zaildu du.

VWen BEZaren konponbidea antzezpen hutsa izan da, azkenean?

Hor, azkenean, Ogasun Ministerioak sendotasuna erakutsi behar zuen beste erkidego batzuen aurrean, baina, logikoki, foru erkidegoaren kiebra ikusirik, azkenean konponbide pragmatikoaren alde egin du, eta likidazioak doitu dira. Bestea Nafarroaren kiebra zen. Denok genekien, eta ni gobernuan nengoen garai hartan (1996), VWen BEZa antolatu zenean hura amarru bat zela, eta iruzur hura denek zekiten: iruzurgileak eta engainatua zenak. Epemuga bat zuen, eta denbora baterako balioko zuen, baina ez etengabe. Halako batean, atzera bota behar zen, eta orduan Estatuak agertu behar zuen gauzak konpontzera. Ondorio ekonomiko eta politikoez gain, bada gauza larriago bat: Nafarroak galdu du partidaren ekimena. Galdua du lehenago estatuko instituzioen aurrean gai horietan zuen presentzia.

Negoziazioei begira ere, azkenean, ahalmen oro galdu du. Montorok nahi zuena ez al da onartu?

Bai, Montorok nahi zuen moduan, nahi zuen unean. Nafarroak gaitasun hori galdu du, negoziazioan adimenez abantaila hartzeko gogo hori. Hori galdu da erabat, baina nola ez da galduko, Barcina hainbeste kezkatzen baitzuen Madrilen bera maitatua izateak, erreferente izateak, kontuan hartua izateak, telebista tertulietara joateak…

Zer irakaspen atera dituzu?

Politika interesatzen zait, baina ez da beharrezkoa alderdi batean egotea politika egiteko.

Itzuliko zinateke?

Ez, inoiz ere ez dut karnetik izango. Gainera, orain politika egin daiteke alderdien bitartekaritzarik gabe. Ezkerrak aspalditik daki hori, mugimendu sozialen bitartez, eta orain liberalok jakin dugu, parte hartzeko formula berrien eta komunikatzeko sare sozialen bitartez. Bestetik, ondo etorri zitzaidan politika uztea, nahiz eta ez izan modurik onenean. Gaizki pasatuko nukeen Kongresuan legealdi hau justifikatu beharko banu. Izugarria izan baita. Nire hutsegiteak izan ditut, baina kontzientzia lasai dut. Hutsegite nagusia izan zen zuhurtziarik gabe jokatu nuela eta harresira joan nintzela, eta ondo ordaindu dut horregatik. Baina beti zintzo jokatzen saiatu naiz.

Nafarroako Kutxari gertatutakoa Nafarroari gertatutakoaren paradigma da?

Orain politika aktiboan banengo, orain etengabe leitmotiv gisa erabiliko nuke kanpainan. Nafarroan espezialista gisa aurkezten zirenak bere historia garaikidean Nafarroak izandako gainbehera handieneko garaiaren erantzule nagusiak dira. Ez da soilik Nafarroako Kutxa. Hor dago Osasuna ere, eta azken urteetan izandako giroarekin bateragarri da. Politikarien eta zuzendarien arteko harreman horiek: "Ez zaitez kezkatu zergak ordaintzeaz". Azkenean, horrek guztiak egoera honetara eraman dute. Osasuna desagertuko da azken asteetan ezagutarazi diren gertaeren ondorioz. Hor dago Itun Ekonomikoarekin gertatu den, nola aldatu diren botere harremanak negoziazioetan… Hori guztia egin dute Nafarroan espezialista zirenek! Azkenean, hondamendira eraman dute! Ez da soilik kontuen hondamendi ekonomiko hutsa, baizik eta izaera berarena.

Egur handiena Barcinarentzat da, baina non da Miguel Sanz? Ez al da UPNk utziko dituen hipoteken erantzule nagusia, ez al da Nafarroako Kutxaren erantzule handiena?

Bi Miguel Sanz ezagutu ditut. Bata, 1996koa, gutxiengoan zegoen gobernu batekoa. Hamazazpi parlamentarirekin, gauzak nahiko ondo egiteko gauza izan ginen. Bere azken legealdian, Sanzek gehiago begiratu dio nola geratuko ote zen bere ondorengo ondarea eta nola geratuko zen bera, proiektu politiko bat eratu ordez. Horregatik, proiektua desagertu egin da, eta arlo ekonomikoko interes horiek agertu dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!