Perez, Barkos edo Araiz, edozein ona

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2015ko api. 17a, 14:21
Ikusteko dago zein izanen den Nafarroako Jauregiko buru berria (Argazkia: navarra.es)

Nafarroako foru hauteskundeei begira, analisi argigarria idatzi du Argiako kazetari Xabier Letonak.

[Analisia Argian]

Hauteskundeetako lasterketa betean gaude jada eta sinplifikazioan erortzeko arriskuari eutsiz, euskal lurretako panorama orokorra halakoa litzateke alderdiei begira: batzuk maldan beherakoari nola eutsi ari dira –PP, PSOE, UPN–; besteak gehiengoak nola indartu pentsatzen –EAJ, Bildu–; eta berrienak –Podemos, Geroa Bai, Ciudadanos– aurreikuspen oparoei nola eutsi amesten.

Instituzioei so eginez, Nafarroakoa da egoerarik goriena, azken hiru hamarkadetan lehenbiziz UPN eta PSNrik gabeko gobernua osatzeko aukera egiazkoa delako. Aldaketa esaten diote horri, eta hala gertatuz gero aldaketa instituzional itzela litzateke,  baina ez hain handia Nafarroako gizarte osoari begira, besterik gabe   gizartean norabide aldaketa sumatzeko denbora behar izaten delako. Aldaketa izatekotan ere, erregimeneko indarrak oso ahaltsuak direlako oraindik eta instituzioei kontrabotere lana egiteko duten tresneria ugaria eta indartsua delako. Egoera desberdinak diren arren, galdetu Martin Garitano edo Juan Karlos Izagirreri, edo beste maila batean Alexis Tsiprasi.

Oso kontuan hartzekoa da, aldaketa pentsatu baino txikiagoa izan litekeela, besteak beste, akaso erregimen zaharreko tresna izan den PSN ere aldaketaren hanketako bat izan daitekeelako. Ez dakigu nork irabaziko duen eta nork galdu eta, beraz, esperimentu berrietarako aukerarik egongo den ere. Herritarrak alderdiei eman behar die botoa aldaketarako eta gainera norabide berria abiarazteko giltzarri dira, baina alderdiekiko mesfidantza da herritarrak duen sentimendu naturalena, batetik haien betaurrekoak motzerako direlako eta, bestetik, esperientziak edozertarako gai direla dioskulako. Ea herritarrek eskatutako mailari eusteko gai diren.

Edozer dela ere, aldaketa egarri dagoen gizarte esparruarentzat garrantzitsuena UPNk gobernu berria ez gidatzea litzateke. Ez da erraza Laura Perez, Uxue Barkos edo Adolfo Araiz Nafarroako Gobernuko lehendakaritzan irudikatzea, baina egiazko aldaketaren aukerak horiek dira eta horietako edozein litzateke iraultza sinbolikoa egungo Nafarroan. Emaitzek eta haien abileziak esango dute.

UPN, PSN, PPN eta Ciudadanosen blokeak ere irabaz dezake.  Hots, betikoak. Orduan beti geldituko da Iparraldera begiratzea, han indar abertzaleek azken hamarkadetan egindako lana arretaz jarraitzea, hangoak erakusten duelako bazterketaren eremuetan eta gutxiengo gorrian izanda ere, lan egiten tematzeak bere fruituak ematen dituela gerora. Beti geldituko da jarraitzea, gizarte justuago baten lan horri ametsetik, lanetik eta gozamenetik bakarrik hel dakiokeelako, bestela jai.

EAE-n argazkia finkoagoa da teorian. EAJren eta EH Bilduren blokeek sendo jarraitzen dute eta PSE-EEren eta PPren egoera estua da oraindik. Azken hauteskundeetako joeran ez dute burua altxatu eta oraingo aurreikuspenak ere ez dira onenak.

Galdera ikur nagusia Podemos da. Inkesta guztiek emaitza oso onak iragarri dizkiote eta hainbat gobernu aukera erabakitzeko ahalmena ere bai. PSEtik elikatuko da? Bildutik? Denetik apur bat? Andaluziak pista batzuk eman ditu, baina ez dira baliagarriak hemengo egoerarako. Baliatuko du Podemosek bere indarra edo Roberto Uriarte idazkari nagusiak iragarri moduan, oposizio bilakatuko da irabazle izan ezean? Gaitza da ezer esatea emaitzak ikusi arte. Badakiguna da hemen ere Madrilek asko agintzen duela.

Bizkaian EAJk ez bide du arazo handirik izango gobernu lanetan jarraitzeko, Gipuzkoan EAJ eta EH Bilduren arteko lehia itzela da eta Araban izan daiteke aldaketarik handiena: PP, EAJ, Podemos eta EH Bilduren artean da lehia. EAEko instituzio askotan, PSEk oposizio gordina edo EAJren makulu izatea erabaki beharko du, eta makuluarena ez da gozoa, baina oposizio gordinean baino epelago egoten da. EAJren  eta PSEren arteko azken bi urteetako akordioek erakusten dute aukerarik bada elkarrekin arituko direla. ETArik gabeko eszenatokian, EH Bildu-PSEren elkarlanaz ere asko hitz egin zen, baina denbora pasatu ahala batzuen eta besteen politikek gero eta gaitzago egiten dute aukera hori.

Edozein modutan, ez da zalantzarik azken urteetako hauteskunde bizi, interesgarri eta erabakigarrienetakoak izango direla.

Xabier Letona

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!