Euskarazko udalekuetara doazen haurrei diru laguntza emanen die Antsoaingo Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Antsoaingo Udala 2015ko mar. 30a, 13:01

Euskara zerbitzuek zerrenda osatu dute, D ereduko ikasleentzat egokiak diren kanpalekuekin.

Nafarroako udaletako euskara zerbitzuek urtetan antolatu izan dituzte udako kanpaldi itxiak D ereduko haurrentzat, euskararen erabilera lagunen artean sustatzeko.

Aurten, kanpalekuen antolaketa eredua aldatu egin da. Oraingoan, D ereduko ikasleentzat egokiak diren kanpaleku zerrenda bat eratu dute Nafarroako udal euskara zerbitzuek. Haurren arduradunek aukeratu beharko dute udalekua, matrikula han egin, eta antolaketari dagozkion gaiak kanpaleku horren arduradunekin moldatu beharko dituzte.

Gero, haurrek kanpalekuetan parte hartu ondoren, Antsoaingo Udalak matrikularen zati bat diruz lagunduko du. Diru-laguntza* eskatzeko epea iraila izanen da.

*Udaleku horiek 5 egunekoak izan behar dute gutxienez. Aukeratzen duzuen udalekuaren esku-orria eta matrikularen bankuko ordainagiria gordetzea gomendatzen da; diru-laguntza eskaera egiterakoan, derrigor aurkeztu beharko dira (beste zenbait dokumenturekin batera). Ikusi gainerako eskakizunak diru-laguntza deialdian.

ESKU-ORRIA LH_(3250 kb)       ESKU-ORRIA DBH_(3084 kb)

DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA  65. ALDIZKARIA – 2014ko apirilaren 3a

2014ko ikasturtean udako euskarazko kanpaldietara joateko diru-laguntzen deialdia Antsoaingo Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2014ko martxoaren 12an egin bilkuran, 2014ko ikasturtean euskarazko udako kanpaldietara joateko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak onetsi zituen. Haren testua ondotik ematen da.

2014KO IKASTURTEAN UDAKO EUSKARAZKO KANPALDIETARA JOATEKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO OINARRIAK

Lehena.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honek arautzen dituen diru-laguntzen xedea da hein batean finantzatzea D ereduko ikasleendako antolatzen diren euskarazko kanpaldietan parte hartzea; horietan edukiak ludikoak, kirol arlokoa eta/edo naturarekikoak izanen dira. Laguntza horiek kontu-sail honen kargura ordainduko dira: 1-4533-48001. 2014an udako euskarazko kanpaldietara joateko diru-laguntzak. Xede horretarako 12.100 euro izanen dira gehienez.

1.2. Deialdi honetatik kanpo daude:

a) Zuzenean nahiz zeharka Antsoaingo Udalaren bitartez kudeatzean direnak, edo diruz laguntzen dituenak, diru-laguntzaren ondorioz kuota jadanik murriztua izan behar baita.

b) Txangoak edo bidaiak.

c) Herrian edo herritik hurbil gauzatzen diren bertze jarduera batzuk, barnetegirik behar ez dutenak.

d) Salbuespenez, eta baldintza bat edo gehiago ezinbertzean betetzen ez badira, konparaziorako, adingabearen eritasun krinikoaren edo desgaitasunaren ondorioz, Tokiko Gobernu Batzarrak erabakitzen ahalko du diru-laguntzarako proposamena onartzea edo ezestea.

Bigarrena.–Lankidetza eskatzeko baldintzak.

Udako kanpaldietara joan diren D ereduko LHko edo DBHko ikasleen guraso edo legezko tutoreek eskatzen ahalko dute deialdi honetan arautzen den diru-laguntza, baldintza hauek betetzen dituztelarik:

a) Eguneratuak dituztelarik Antsoaingo Udalarekiko betebeharrak, zerga arlokoak nahiz zergaz kanpokoak.

b) Kanpaleku horietara joan direnek Antsoaingo udalerrian erroldaturik egon behar dute, gehienez ere urtebeteko antzinatasun jarraituarekin, laguntza eskaera egiten den egunetik hasita.

Hirugarrena.–Diruz laguntzen ahal diren kuotak.

3.1. Diruz lagunduko dira D ereduko ikasleendako antolatzen diren euskarazko kanpaldiak, hau da, kanpoan egiten diren egonaldiak.

3.2. Parte-hartzaile bakoitzeko kanpaldi bat baizik ez da diruz lagunduko.

3.3. Kanpaldiak 5 egun iraun behar du gutienez eta 15 egun gehienez, eta udako oporraldian eginen da, hau da, ekainaren 20tik irailaren 10a bitarte.

Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

4.1. Eskaerak irailean aurkeztuko dira, eskabide sinatu baten bitartez; horrek bat etorri beharko du deialdiarekin batera argitaratzen den eredu normalizatuarekin. Deialdiaren borzgarren oinarrian zehazten diren agiri eta argibideak aurkeztuko dira eskabidearekin batera.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.3. Aurkeztutako eskaerak ez baditu betetzen deialdi honetan ezartzen diren betekizun eta agiriak, erakunde interesdunari eskatuko zaio akatsa gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela; betiere aitzinetik ebazpena emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluak aurreikusiarekin bat.

4.4. Eskaerak Antsoaingo Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira.

Borzgarrena.–Eskaerari erantsi beharreko dokumentu eta argibideak.

5.1. Eskabideei dokumentazio hau erantsi beharko zaie:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia (aita, ama edo legezko tutorea).

b) Kanpaldia antolatzen duen entitatearen ziurtagiria, haren baldintzak zehazten dituena –datak, jardueren gaineko liburuxka edo programa, parte-hartzailearen izen-deiturak eta sorteguna–, baita bertaratze-ziurtagiria ere.

c) Matrikularen ordainagiria (banketxeak luzatua), matrikularen %100 ordaindua dagoela dioena.

d) Diru-laguntza zer banku-libretatan jaso nahi duen, harexen lehenbiziko orrialdearen fotokopia.

Seigarrena.–Eskaeren balorazioa.

6.1. Diru-laguntzaren zenbatekoa ordaindu den kuotaren %40 izanen da gehienez; ez da 125 euro baino gehiago izanen. Ehuneko hori tikiagoa izanen da aurrekontuan dagoen diruak edo eskatzaile kopuruak horretara behartzen badu.

6.2. Eskaerak urte baterako izanen dira, eta laguntzak emateko baldintza da eskaera egiten den ekitaldi ekonomikoan Udalaren aurrekontuetan dirua izatea.

Zazpigarrena.–Eskaerak aztertu eta ebaztea.

7.1. Deialdi honetan aurkezten diren eskaerak Euskara Zerbitzuaren bidez baloratuko dira; honek, hain zuzen, ofizioz gauzatuko ditu ebazpen proposamena emateko kontuan hartzen diren datuak zehaztu, eskuratu eta egiaztatzeko behar diren jarduketak.

7.2. Diru-laguntzak emateko erabakia Tokiko Gobernu Batzarrak hartuko du.

Zortzigarrena.–Ebazteko epea.

8.1. Ebazteko epea gehienez ere bi hilabete izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

8.2. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.

Bederatzigarrena.–Laguntzen ordainketa.

9.1. Onartutako zenbatekoaren ordainketa gehienez ere hilabeteko epean eginen da, deialdia ebatzi eta biharamunetik hasita.

Hamargarrena.–Jakinarazteko edo argitaratzeko bideak.

10.1. Diru-laguntzak emateko ebazpena onuradunei jakinaraziko zaie.

10.2. Laguntza emateko ebazpena parte-hartzaile guztiei jakinaraziko zaie, honako hauek adierazita: deialdia, dagozkion aurrekontuaren kreditua eta programa, erakunde onuraduna, ematen den diru-kopurua eta diru-laguntzaren xedea. Hori guztia Antsoaingo Herriko Etxeko iragarki oholean jarriko da ikusgari.

10.3. Ebazpen horrek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta haren kontra, hautara, errekurtso hauetakoren bat para daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, deialdia egin duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina.

Antsoainen, 2013ko martxoaren 14an.–Alkatea, Antonio Gila Gila.

euskera@ansoain.es

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!