Eraso egin diote villavesa bateko gidariari

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 9a, 08:46
Villavesak Iruñean. Arg: aranguren.tv

Larunbatean goizaldean izan zen erasoa. Gizonezko batek ukabilkadaz ezpaina hautsi egin zion gidariari. 

Segurtasun neurri gehiago eskatu dituzte villavesetako langileek behin baino gehiagotan. Eraso fisikoak eta hitzez egindakoak jasotzen dituztela salatu dute askotan. Gaueko txandetan izaten dira halakoak, gehienetan. Azkena joan den larunbatean izan zen, goizaldean: Noain eta Beriain arteko ibilbidea egiten zuen autobusak Labriteko aldapan egin zuen ohiko geldialdia. Han, bi gizon zeuden villavesara igotzeko prest. Haietako batek hilabeteko txartelarekin ordaindu zuen bidaia, eta lagunari ordaintzera zihoala txartelan dirurik gabe geratu zen. Gidariak diruz ordaintzeko eskatu zion edo bestela autobusik jaisteko agindu. Bietako batek ukalbilkadaz eta kolpez erantzun zion eta ezpaina hautsi. Gidariak berehala utzi behar izan zuen eginbeharra eta medikura jo zuen. Astelehenean berriz zen bueltan lanean. 

TCC enpresa komiteak mobilizazioak iragarri ditu halako egoerak salatu eta neurriak hartu daitezen eskatzeko. Iaz ere egin zituzten halakoak. Herritarrak kontzientziatu nahi dituzte eta era berean Iruñerriko Mankomunitateari zenbait eskaera egin: segurtasun manparak jar ditzatela, bideo-grabagailuak... Juan Aldudo enpresa komiteko eledunak nabarmendu du halakoak gauez egiten diren txandetako autobustean jartzea ezinbestekoa dela erasoak ekiditeko. Iaz, gogoratu du, gutxienez sei eraso izan ziren. Era berean esan du Iruñea ez dela halako erasoak izaten dituen hiria, baina, gauez egiten diren zerbitzuetan azken urteotan hazi egin direla. 

3.000 euro arteko isunak

Iruñerriko garraiorako ordenantzaren arabera arau hauste larriei isunak ezartzen ahal zaizkie: 601 eurotik 3.000 euro artekoak. Larrienak dira autobusean doazen erabiltzaile edo gidariei kalteak eragiten ahal dizkioten ekintzak gauzatzea. Bestelakoengatik ere jaso daitezke halako zigorrak: autobusa matxuratzeagatik, drogak kontsumitzeagatik villavesaren barruan edo larrialdirako beharrezkoak diren gailuak ondatzea edo manipulatzea. Arinagoak izan daitezkeen desordenak 600 euro arteko isunekin ordaintzen ahalko dira. 

Villavesara igo eta ez ordaintzeak ere ondorioak ekar ditzake. Ez ordaintzea edo norberarena ez den txartel sozial baten bidez ordaintzeagatik 60 euroko isuna jartzen ahal diote erabiltzaileari. Garaiz ordainduta isuna 30 euroan geratuko da. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!