Balore eta emozioetan hezteko ipuin bilduma berria, Iruñerritik abiatuta

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 28a, 18:48

Haurrentzako Euskal Mitologia ipuin bildumaren egileek emozio eta baloreetan oinarritutako kontakizunak hasi dira plazaratzen Denonartean argitaletxearekin. 

 “Sumendia baratzean”  da bilduma berri honetako lehen alea. Bakarne Atxukarro, Izaskun Zubialde eta Asun Egurza dira 2017 urtean zehar argia ikusiko duten liburu sortaren egileak. Liburuak euskaraz eta erdaraz eskuratu ahal izanen dira eta laster baita ingelesez ere. Lehenengo ale honetan errespetua eta naturarekiko maitasuna jorratzen da, eta liburu denda guztietan salgai dago jada, 10 euroan. Maiatzean iritsiko da hurrengo zenbakia eta horrela poliki-poliki bilduma osatu arte. Laguntasuna, komunikazioaren garrantzia, dolua, autonomia… era honetako gaiak jorratu nahi dituzte Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialde idazle eta amak eta Asun Egurza marrazkigileak: “Ipuinak baloreez hornitzea garrantzitsua iruditzen zaigu, hau da, istorio soilean ez gelditzea, eta gure lerroetan emozioetan hezteko aukera luzatzea”.

Duela bi urte literatura munduan ezagutzera eman zuten beraien burua haurrentzako mitologiari buruzko ipuin bildumekin. Guztira hogeita hamar ipuin argitaratu dituzte jada, euskaraz eta erdaraz, Denonartean eta Txalaparta argitaletxearen eskutik, beranduago frantsesera eta ingelerara ere itzuli dituztenak. Lehen ekimen horrekin Interneten 12.000 deskarga izan dituzte eta 10.000 liburu saldu.

Ekimenaren abiapuntua gure haurrei tradizioan eta baloreetan oinarritutako ipuin berriak eskaintzea da:  “Guk txikitan etxean ikasi genituen ipuinak, haurrentzako egokitutako hizkuntza batean zabaltzen hasi ginenean, inondik ere ez genuen pentsatzen halako harrera izanen zuenik”.

Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialde Irrintzi Plazan izan ditugu kontu kontari. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!