Nerabezaroa nerabeen hitzetan

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 7a, 19:17

Zizurko zortzi gaztek olerkiez eta hitz lauez azaldu digute zer den haien ustez nerabea izatea: ”Nerabe gara, zalantza eta beldur konplexuak, handiegia den munduan galduta. Baina bizitzeko garaia da."

Zizur BHIko Batxilergoko lehen mailako Jesus Irisarri Iturgaiz, Aizane Rubio Iturria, Yaiza Sanz Calvo, Olaia Albeniz Irigoien, Iñigo Girones Zarranz, Jasone Ibañez Lazcoz, Jesus Irure Sierra eta Naia Urien Morales Irrintzi Plaza saioan izan dira gaur haien gogoetak eta poemak gurekin partekatzeko.  Lan bikaina, ederra, barne-barnetik sortutakoa.

 

 

 

URTAROEN JOAN-ETORRIAK              Yaiza Sanz Calvo

 

Udaberria gustuko dut.

Eguzki izpi epelak

larruazalaren barrenean sentitzeraino.

Arbolaren berde eta loreek

kalea kolorez betetzen dute.

Euriak barra-barra ari du,

nerabeen sentimenduak ureztatuz.

 

Uda gustuko dut.

Eguzki oso oso borobila

eta gorputz beroa izerdi patsetan

gorputz beroa gal-gal.

Bainujantzia soinean

hondartzaren larrugorritan.

Itsasoko olatuen artean

nerabeen itzulipurdiko gozoak.

 

Udazkena gustuko dut.

Lehenengo hotzikarak

ziri sarkorrak antzemanez

orbelaren okreak lurrean.

Azken eguzki izpiak,

herriaren paretetan itzali dira,

nerabeen sentimenduak azaleratuz.

 

Negua gustuko dut.

Arnas ozpel

haize biziaren zirimola aurpegian

haize biziaren kilima soinean.

Katilu bero bat txokolate,

lera gainean maldaz behera.

Urtaro beltzean

nerabeen beroa baretuz

bizitzaren arriskuak maitatuz.



NERABE GARA     Aizane Rubio Iturria

 

Nerabe gara

zalantza eta beldur konplexuak

handiegia den munduan galduta.

Baina bizitzeko garaia da

hitzak sortzeko denbora

ametsak eta ideiak aurrera eramateko aldia.

Lagunekin batera mundua ezagutu

unibertsoaren sekretuak aurkitu

barruko ezinegonak azaleratu.

Poesia egin.

 

Nerabe gara.

Ausartak.

Poesia gara eta gure esku dago

poema honek merezi duen bukaera izatea

gu geu baikara lemazain gure bizitzan,

itsasontzi hau dagokion portura

eramango duten poetak.

Eta amaiera iristean,

harrotasunez gogoratuko ditugu

gainditutako oztopo eta beldurrak,

gainditutako antitesiak.

Pozez gogoratuko ditugu

bizi izan ditugun abenturak,

izandako metaforak.

 

Txori izan ginen

kaiolatik atera eta askatasuna dastatu genuenean.

Ipar izar izan ginen une beltzetan dizdira egin genuenean,

geure burua negarren itsasoan galdu ez genuenean,

bidaian zehar.

 

Herriz hiri eta hiriz herri gabiltza

munduko mapa gure esku ahurrean marraztuz.

Oroitzapen gisa,

gu geu protagonistak garen

baladak sortu.

Eta inspirazioa desagertzen denean,

beste abentura baten bila joateko garaia dela jakingo dugu.

egunak batuz,

bertsoak sortuz.

Eta soilik honela poema honek merezi duen amaiera

idatziko dugu,

biziko dugu.

 

 

MOREA                Olaia Albeniz Irigoien

 

Morea da eskubidea.

Morea da emakumea.

Aitak harrikoa egiten duenean

morea ikusten dut bere mantalean.

Morea aldarria.

 

Moreak dira aranak.

Moreak dira nire azazkalak.

Morea izango da zaharra naizenean

jantziko dudan soinekoaren kolorea.

 

Moretu zaizkit ezpainak,

moretu zaizkit belaunak,

amildegitik buruz behera erori naizenean,

nora nindoan ez nekienean.

 

Morea da urdina eta gorriaren nahasketa.

Kolore hotza eta beroa.

Morea dut ilea.

Moreak dira nire betaurrekoak.

 

Morea da arnas egiten ahazten dudanean

aurpegian geratzen zaidan kolorea.

Moreak dira loreak.

Moreak dira nire laztanak.

Baina, gorriak pasatu nituen aurreko asteburuan

mutil batekin topo egin nuenean.

 

Urdina dira itsasoa eta zafiroa.

Gorria, odola eta mitxoletak.

Urdina da zerua.

Gorria, infernuaren sua.

 

Morea gustuko dut.

Morea garela iruditzen zait

morea baita emakumearen eskubidea.


HITZAK GUSTUKO DITUT Jasone Ibañez Lazkoz

 

Nor ote gara gu?

Batek daki, auskalo.

 

Baina hau badakit:

hitzak gustuko ditudala.

Hitzen bidez edozer adieraz dezakedala,

“berdea” esan

eta itxaropena datorkit gogora.

Gorria? Maitasuna, haserrea.

Nork ote daki? Auskalo.

 

Bat-batean ireki da atea,

iluntasun bortitza,

aro berriaren hasiera

Nork ote daki? Auskalo.

 

Abstraktua da “nerabezaro” hitza

gaur izan, bihar galdu,

ohartu gabe, ezin ulertuz,

zergatik? Zertarako?

bizitzaren esanahia.

Nork ote daki? Auskalo.

 

Heriotza, hara beste hitz abstraktua!

Ikertu gabea, nerabeen artean ezezaguna,

beldurtzen, koldartzen gaituena.

Hura bai iluntasuna, bakardadea, baina…

Nork ote daki? Auskalo.

 

Kilimak bihotzean zure izena entzutean,

nola ote da hitz soil batek sentsazio hori ekartzea?

usain soil batek halako oroimen ekartzea?

Eta hots soil batek burua nahastea?

Nork ote daki?

 

Dakidan bakarra da

letrak gustuko ditudala,

hitzak maite ditudala,

zure esanek hunkitzen nautela,

hizkuntzak berak ematen didala

hegan egiteko aukera.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!