Punto de Vista Iruñerriko12 kultur gunetara zabalduko da, Baluarteko egoitzatik kanpo

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 2a, 20:18

Gayarre antzokia, Niza eta Baluarteko Plaza kafetegiak, Civican, Uharteko Arte Garaikideko Zentroa edota Katakrak izanen dira gune horietako zenbait.

Punto de Vista hazten ari da eta hirian zehar garatzen doa, iazko urtean kopuruaren eta publikoaren aldetik arrakasta izan eta gero (jaialdiak 8.000 parte-hartzaileko balantze historikoa izan zuen). Zinema-lehiaketak, zehazki, 12 lekutan antolatu ditu aldi berean egingo diren jarduerak, Iruñeko hirian barrena zabaltze aldera, eta programaren zati bat beste publiko batzuei eta jaialdiaren antzeko filosofia duten beste zentro batzuetan eskaintzeko asmoarekin. 

Gayarre antzokian Bosgarren horma izeneko antzerki dokumentalaren zikloa eskainiko da, eta, era horretan, errealitatea kontatzeko beste modu batzuk aldarrikatzen dituzten bi lan antzeztuko dira. Martxoaren 5ean eta 7an, Maruja enamorada eta Nadia obrak izango ditugu, eta agertokira igoko dira norberaren bizitza kontatuko duten aktoreak, fikziorik gabe. Bestalde, programaren beste zati bat jorratuko da Niza eta Baluarteko Plaza kafetegietan eta Civican zentroan; hain zuzen ere, Etiquette izeneko autoantzerki lana eskainiko da, eta publikoak bikoteka parte hartu ahal izango du antzerki-laneko mahai batean, entzungailutik jasotako arauak beteaz. 

Uharteko Arte Garaikideko Zentroa Iruñeko inguruetan zehar jaialdiak egingo duen bidaiaren beste geralekua izango da; izan ere, Sergio Oksman zinemagileak burututako zinema dokumentaleko tailerra burutuko da. Zentroaren zuzendaritza estreinatu berria da. Horrez gain, Jorge Oteiza Museo Fundazioak bat egingo du ekimenarekin, eta keinu bat egingo dio Orioko artistaren eta eskultorearen zinemako sormenari. 

 

Modu berean, Jaialdiaren beste funtzio sozial bat ikastetxeetan egingo da; hau da, Oskar Alegria zuzendari artistikoak Zinema nola kontatu tailerra prestatu du. Ekimenari Vazquez de Mella Ikastetxe Publikoan eta Jaso Ikastolan emango zaio hasiera, eta emaitzak ikus ahal izango dira programan "Inoiz ikusi gabeko pelikula" bezala soilik iragarri den saioan, ekimena sorpresa izan dadin. 

Azkenik, eta bigarren urtez jarraian, Punto de Vista Katakrak liburu-dendarekin elkarlanean arituko da, eta kantinan Radio 3-ko El Séptimo Vicio programa grabatuko da beste behin, Javier Tolentinok zuzenduta. Programa bereziki jaialdiaren ingurukoa izango da, eta astelehena 6 eta osteguna 9 artean grabatuko da. Musika-talde ezberdinen zuzeneko emanaldi akustikoak eskainiko dira. Gainera, Katakrak liburu-dendan Punto de Vistari eskainitako standa egongo da, jaialdiarekin zerikusia duten obrekin. Era berean, Nafarroako Liburutegian ere Punto de Vistari zuzendutako puntua egongo da. 

Eta Jaialdiaren gauetan, Nébula edo Nicolette bezalako tabernetan, gaueko ospakizunak egingo dira; hots, DJ-ak eta gonbidatuen topaketa-guneak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!