Elortz ibaia garbitzen ari da Iruñeko Udala Etxabakoitz aldean

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 4a, 14:05

Lehen fasean, garbiketa eta balorazio lanak eginen dituzte, ondoren esku-hartze osoagoa egiteko .

Iruñeko Udala Elortz ibaiaren ibilgua eta ertzak garbitzeko lanekin hasi da aste honetan, Etxabakoitz auzoko hirigunetik igarotzen den zatian. Aurretiazko eta presazko esku-hartze bat egitea da xedea, garbiketako oinarrizko helburuak betetzeaz gain, ibilguaren benetako egoeraren eta inguruen balorazioa  egiteko. Aurrerago, bigarren fase batean, esku-hartze osoago bat egingo da, zeinaren bitartez ibilgua hobetuko den uhaldiei aurre egite aldera, eta ibaiaren ingurumena eta paisaia garatuko diren. Hala, ibaietako esku-hartzeen helburu komuna bete nahi da: automantentzea. Ongi zaindutako ibai bat bakarrik garbitzen da, uhaldiek soberan dagoen landaretza kentzeko ahalmena dutelako, eta ibaiak behar duen hori jartzekoa. Elortz ibaia garbitzeko esku-hartze hau Etxabakoitzeko bizilagunek udalari helarazitako  eskaera sorta baten parte da.

Hiri izaera handia duen tarte batean hasi da esku-hartzea, eta hortaz, hein batean artifiziala den tarte batean. Ibilgua ahokatuta dago eta ibaiertzetako ezpondek malda garaiak dituzte zenbait puntutan, hondakinak metatuta baitaude. Era askotako zuhaitzak ditu, basoko espezieak nahastuta eta landatutako beste batzuk. Uhaldi normalei aurre egiteko gaitasuna izaten jarraitzen du, tamaina eta morfologia dela-eta.

Garbiketa-lanak bi aste baino gutxiagoan egingo dira. Zaborrak eta tamaina handiko beste elementu batzuk kenduko dira, batez ere zubi eta zaldainen inguruan. Arriskutsuak dira, urak gainezka egin ahal duen puntuak sortu ahal dituztelako, baoetan hondakinak metatzearen ondorioz. Esku-hartzea arina izango da, eta aintzat hartuko da garrantzitsuena ez dela ibaiertzetako landaretza guztia kentzea, baizik eta soilik arazoak eman ahal dituen hori desagerraraztea, hala nola espezie inbaditzaileak. Azken hauek sarritan kalteak eragiten dituzte uhaldietan, urak erraz asko eramaten baititu arrastaka, eta zubi eta beste azpiegitura batzuk buxatzen dituzte.

Horregatik, ibaiertzak soiltzeko sasitza kenduko da batez ere, ezpondetan izugarri hedatu baita. Sasia balio ekologiko handia duen eta hainbat animali babesteko balio duen zuhaixka bat bada ere, gehiegi zabaldu da, eta horrek arazoak eragiten ditu, isuriak bertan trabatuta geratzen baitira. Zentzu berean, ibaiaren berezko espezieak (sahatsak, makalak eta lizarrak) mantenduko dira, higadura saihesteko eta ekosistemak zein funtzio ekologikoak zaintzeko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!