Barañain Kantuan: plazaz plaza auditoriumeraino

Euskalerria Irratia 2016ko aza. 3a, 20:46
Arg: Barañain Kantuz taldea Agustin Peñaren 2013ko jaietako argazki batean.

Barañaingo kolektibo ugarik parte hartuko dute larunbat arratsaldean lehenbizi kaleetan eta gero auditorium barrenean eginen den saioan.

Barañaingo Txalapartariak, Eguesibarko Txalapartariak, Barañáingo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Ezpelur Dultzaineroak, Barañain Gaiteroak, Barañaingo Trikitilariak, Barañaingo Euskal Kantak, Canto Pueblo Viejo, Canciones de Siempre, Coral Barañáin Abesbatza, Zubietako Joaldunak eta Barañaingo Jauzi Taldea, besteak beste, egonen dira Barañain Kantuan saioan.

Ikuskizuna herriko Udal Plazatik abiatuko da 19:00etan.   Kalejiran kolektibo desberdinak batuz joanen dira Barañain Auditoriumera iritsi arte.

 

Horrela deskribatzen du saioa Angel Mariezkurrena antolatzaileak:

“Barañaingo Txalapartariek txalaparta jotzen duten bitartean, Zubietako Joaldunak Merkataritza Etorbidetik jaitsiko dira lastargiak eskuetan dituztelarik.

Plazara iristean trikitilariak, erraldoiak, Barañaingo Euskal Kantak eta gaiteroak haien zain daudela ohartzen dira. Guztiak gozatzeko prest daude.

Barañaingo Euskal Kantak taldeak "Arno Zuria" abesten du. Segidan, gaiteroak jotzen hasten dira eta, haiekin batera, Konpartsa handikoak eta Txikikoak haien biran ari dira.

Barañaingo Euskal Kantak taldeak lekukoa hartzen du "Ehia Ehia" kantarekin.

Giro ezin hobea sortzen da, eta, azkenik, haurrak eta helduak, ikusleak eta artistak karrikadantzan elkartzen dira.

Arexeago, Barañaingo Lakuaren ondoko Merkataritza Etorbideko zatian hain zuzen, Eguesibarko Txalapartariek deiadar egiten dute: "takun-ta-takun".

Haien ondoan, Canciones de Siempre eta Canto del Pueblo Viejo taldekoak, urduri eta aldi berean, irrikan daude.

Kalejira haienganaino heltzen denean txalaparta mutu gelditzen da. Haren ordez Canciones de Siempre taldearen "Poupourrí vasco" abestia entzuten da.

Gero, Canto del Pueblo Viejo taldeak abestutako "Oi ama Euskal Herria" protagonista nagusia bihurtzen da.

Bukatzeko, "Ixil-Ixilik" eta "Xalbadorren Heriotza" abesten dugu han gauden guztiok elkarrekin.

Behin biribilketa berriro martxan izanda, Barañaingo Kultur Guneko Plaza helmugatzat hartzen dugu denok.

Han Jauzi Taldekoak zain daude. Trikitilariek Polka eta "Zazpi Jauzi" oparitzen diete. Taldekideek ondo badakite zer egin eta saltoka hasten dira laster.”

Ordurako, Barañaingo Auditorioko ateak zabalik daude. Aulki aretoan sortutako festa giroa mantentzeko asmoa dute antolatzaileek.

Bat-batean iluntasuna eta ixiltasuna sortuko da. Eta han hemenka zurrumurrua entzuten da. Barañain Abesbatzarena da. "Aritz Adarrean" abestia kantatzen ari da.

Oihala zabaltzen doan heinean, abesbatzako kideak eta Barañaingo erraldoiak agerian geratzen dira.

Jarraian, ikuskizunean parte hartuko duten musikariak eta kantariak eszenatokira sartzen dira: Txema Garcés (baxoa eta musika moldaketak), Asier Oleaga (perkusioa), Joxerra Mitxelena (kitarra), Iñaki Diéguez (akordeoia eta musika moldaketak), Jaione Olazabal, Estitxu Pinatxo eta Juanpa Agirre. Hau da hau, talde fina!.

Ekitaldiak aurrera egiten duen heinean, Barañain Abesbatzak abestuko du berriz ("Jaiki jaiki") eta Konpartsako erraldoiek, Estitxu Pinatxorekin, "Txoriak Txori" kantari "toke" berezia emango diote. Kilikiak, Ezpelur Txikiko erraldoiak, Jaso Ikastolako Dantzariak, Barañaingo Txistulariak... guztiek bere tokia izango dute ikuskizunean.

Baina benetako aktore nagusia ikuslegoa izango da. Guztien ahotsei esker "Baldorba", "Eperra", "Erribera", "Furra-Furra", "Haurtxo Ttipia" eta "Lau Teilatu", besteak beste, betiko kantak izatetik betirako kantak izatera pasatuko dira.”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!