Komunitate artistikoarekin parte hartze jardunaldiak egiten ari da Uharte Zentroan

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 28a, 08:21
Argazkia: Uharte Zentroa.

Prozesu honen helburua kolektibo hauen beharrizanak hautematea eta definitzea da, Nafarroako praktika artistiko garaikideen esparruan.

"Harreman sare egonkorrak" sortu nahi ditu prozesuak, antolatzailearen hitzetan, "Uharte Zentroaren gune fisikoaz harago". Ekintza zehatzak eta proposamenen diseinuak hartuko dituzte, hori dela eta.

Lehenbiziko urratsa: lan jardunaldiak egitea dira artisten eta kolektibo artistikoen ordezkariekin. Hala, "modu sistematizatuan" ezagutuko dituzte "eskakizunak", eta Uharte Zentroak zer eskain diezaiekeen.

Ekintza hau Nommad Gizarte Ekimen mikrokooperatibak garatuko du eta haiek izanen dira lan bilera hauetako dinamizatzaileak. Era berean, Fermin Diez de Ulzurrun artistak kontakizun grafikoa eginen du; Cristina Arrazola Gasteizko Inmersiones proiektuko kideak kanpoko ikuspegia emanen dio bilerari prozesua hazteko helburuarekin. Ikus-entzunezko dokumentazioa, berriz, Fugu ekoiztetxeko Veronica Eguarasek aurrera eramanen du.

Topaketa hauek erabakitze prozesuetan zuzeneko parte hartzea bultzatzeko mekanismo eraginkor eta errazak bilatzea dute xede. Era berean, gizarte laborategi bat da, beharrizanak hautemateaz gain, dinamika berriak eta harreman guneak sortzea bilatu nahi duelako.
 
Prozesua Uharte Zentroak bizi duen eraldaketaren barne dago, ekoizpen eta ikerketa garaikideko gunea izateko, eta artista, irakasle eta gizarte eragileen artean kogestio guneak sortzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!