Bigantxarik ez Barañaingo jaietan

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 4a, 16:42
Oihaneder Inadakoetxea Barañaingo alkatea eta beste udal odezkariak galdeketaren berri ematen. Arg: Plazaberri.info

1.907 herritarrek parte hartu dute jaietan bigantxen askatzeari buruzko galdeketan eta %73a ezezkoaren aldekoa izan da.

Ezezkoa izan da Barañaingo galdeketa herritarraren emaitza. Apirilaren 27tik  30era 16 urtetik gorako barañaindarrek bozka emateko aukera izan dute jaietan bigantxak askatzea ikuskizunaren inguruko galdeketan. 1.907 herritarrek parte hartu dute eta %73a ezezkoaren alde kokatu da, 1398 bozkekin. 499 bozka izan dira bigantxak askatzearen alde, %27a eta 9 bozka zuri eta baliogabeko bozka bakarra zenbatu dira.

Udaletik egindako balorazioan, emaitzaz haratago, «historikotzat» jo dute ekimena. Ia 2.000 herritarren parte hartze altua azpimarratu dute eta «hasitako bidean indartu egiten gaitu» adierazi dute. Udal ordezkariek iragarri duten bezala “kontsultak Barañainera heldu dira gelditzeko asmoz”

Bestalde, bigantxetan  gastatzeko aurreikusita zegoen diru kopurua ekimen desberdinak egiteko bideratuko dela ziurtatu du Udalak. Jai Batzordearekin elkarlanean, adin guztietako hiritarrentzat  berdintasunean oinarritutakoak eta parte hartzaileak izanen diren jarduerak  antolatzeko konpromisoa hartu du Udalak.

Udal ordezkariek galdeketan izan den parte hartze anitza azpimarratu dute nahiz eta UPN eta PSN udal taldeek kontsultan parte hartzeari uko egin dioten. Bozketaren emaitzak ezagutzera emateko ekimenean ere ez dute parte hartu nahi izan. Honen inguruan, Oihaneder Indakoetxea alkateak adierazi du nahiago zukeen han egon izan balira “parte hartze prozesuari babesa” ematea litzatekeelakoan.

Udaletik bide honetatik jarraitzeko apustua adierazi dute eta datozen hilabeteetan garatuko diren hirigintza eta auzo gaien inguruko kontsulta berriak aurreikusten dituzte.

Oihaneder Indakoetxea alkatearen (EHBildu) ondoan izan dira ekimen hau sustatu duten beste udal taldeko ordezkariak ere. Geroa Bai taldeko Ioseba Úrizek «kontsultak gelditzeko etorri dira» adierazi du, ekimena zinez positibotzat joz. Barañainen Parte hartzen taldeko Jaione Lópezen arabera, herritarren ahotsari «ateak irekitzea» ahalbidetu duen galdeketa honetan parte hartze nabaria izan da eta herritarrei eskerrak eman dizkie. Battitte Martiarena IE-Equo taldeko ordezkariak, ekimen honek harrera oso ona jaso duela eta bide honetan lanean jarraituko dutela aipatu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!