Isaac Bubea, Juan Uterga, Candido Jerico, Juan Ilundain, Jose Diaz de Arizaleta el Rio, Sebastian Urrizola, Romualdo Zorrilla eta Juan Turrilas. Izen abizenak dauzkate 1936an Burlatan hildakoek, eta, orain, herriaren memorian gera daitezen, plaka bana izanen dute.
Arratsaldeko 17:00etan izanen da ekitaldia. Bertan izanen dira fusilatutako zortzi horien oinordekoak, bai eta fusilatuen eta memoria elkartetako kideak. Instituzioetako ordezkariak ere egonen dira: Burlatako alkate Txema Noval (Burlata Aldatuz); Ana Ollo Nafarroako Gobernuko ordezkaria; Jose Luis Mendoza Hezkuntza sailburua, burlatarra da eta; Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarez; eta Iruñea, Atarrabia, Uharte eta Eguesibarko udalak.
Gainera, antzerkia ere eginen dute: Por la espalda antzezlana eskainiko du La puerta roja konpainiak. 1936ko uztailaren 19ko gertakari bat dakarte antzezleek oholtza gainera. Emanaldia 20:00etan izanen da, kultur etxean. Bost euro balio du, eta Fusilatutakoen Senideen Elkartea laguntzeko izanen da dirua.