Atarrabiako Udalak dio ez dela egia Euskararen Ordenantza urratu duenik

Euskalerria Irratia 2016ko urt. 25a, 20:26

Administrazioan Euskaraz taldearen salaketari erantzuna eman dio esanez ez duela lan eskaintza berririk egin, baizik eta lau langileri mailaz aldatzeko aukera eman eta haiek euskara maila egiaztatzeko froga egina zutela udalean lanean hasi baino lehen.

Mikel Oteiza Atarrabiako alkateak erantzuna eman dio duela egun batzuk prentsan argitara emandako iritzi artikulu bati. Idazkian Administrazioan euskaraz taldeak salatzen zuen Atarrabiako Udala ez dela Euskararen Ordenantza betetzean ari, oposaketara atera dituen lau lanpostutarako euskara jakitea baloratu ez duelakoan. Alkateak erantzuna eman dio salaketa honi esanez apaitzen den kasuan“udal honek ez ditu plazak edo lanpostuak atera, jadanik D mailako langile batzuei C mailako langile bati dagozkion lanak egiteagatik promozionatzeko aukera eman diegu. Aitorpen bat izan da, besterik gabe. Dena den, esan beharra dago lau langile hauetatik hiruk udaletxean lanean sartzeko euskara maila egiaztatzeko froga bat egin zitzaiela eta batek EGA titulua aurkeztu egin zuela. Edozein kasutan guztiek gutxieneko euskara maila zutela adierazita geratu zen.”

Atarrabiako Udalak 2011tik indarrean duen ordenantzaz Mikel Oteizak gehitu du egia dela “egun ezinezkoa dugula %100ean ezartzen duena betetzea; ez baitaukagu besteak beste, hori egiteko gutxieneko langile euskaldunik. Hori bai, indarrean dagoenetik, egin diren kontratazio guztietan ordenantzak agintzen duena hitzez hitz bete dugu. Hori dela eta gure udaletxean, bi udaltzain eta laguntzaile bat; mantentze laneko ofiziala, kontu hartzailea, parekidetasun arloko teknikaria eta kirol kudeaketarako enpresa publikoko administrazio eta zerbitzu anitzetako langile euskaldunak kontratu ditugu. Hala ere, hobetu beharra daukagu, ziur. Horretarako gure udaletxeak plan estrategiko bat adostu du. Plan honek bi esparrutan zentratzen da; herri mailako sustapena eta ordenantzaren garapena.,

Hortaz, esan dezakegu Atarrabiako udaletxeak lanean ari dela euskararen erabilera bultzatzeko. Akatsak izango ditugu, bai. Baina AET-ek egindako kritikan gure borondatea kolokan jartzen du eta hori da inolaz ere onartzen ez duguna. Ongi ala gaizki udaletxe honek bitartekoak eta duen ahalmena jartzen ari da Atarrabia eta Nafarroa euskaldunagoa egiteko.”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!